Joan den astean hautatu zituen epaimahaiak Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako finalistak. Covid-19ak eragindako egoera dela eta, aurten ez dugu ohiko sari banaketa ekitaldia antolatzerik izango beraz, aurtengo irabazleak aditzera emateko "bideo-ekitaldi" bat prestatzen ari gara.
Apirilaren 30ean amaitu zen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan botoa emateko epea, eta iragan ostegunean hartu zuen epaimahaiak bere erabakia. Maiatzaren 20an jakinaraziko dizuegu zeintzuk diren edizio honetako irabazleak. Izan ere, kategoria bakoitzeko 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?
DBH 1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, DBH 2B 05 TALDEA (La Salle Donostia), SORBETE TALDEA (Egiluze Hondarrinbia) eta SALBATORE 5 (Salbatore Mitxelena) taldeek aurkeztutako lanak sailkatu dira finalera. La Salle Donostia ikastetxekoek, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa ( John Boyne. Alberdania, 2007) liburua aukeratu zuten euren lanaren ardatz gisa, Egiluze ikastetxekoek Ezekiel (Jasone Osoro. Elkar, 2009) liburua eta Salbatore 5 taldekoek, berriz, Hasiera berri bat (Gwenola Morizur. Harriet, 2018). Maiatzaren 20an jakingo dugu nor den irabazlea. Lau lagunentzako abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko 200 euroko bonua (ikasgelarentzako) daude jokoan.
DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, PARASITOAK (Axular lizeoa), EHUNEKOAK (Lezo institutua) eta TXIMUELO (Nuestra Señora de Aranzazu) taldeen lanak iritsi dira finalera. Axular lizeokoko gazteek Eztia eta ozpina ( Patxi Zubizarreta. Alberdania, 1995) liburuaren gaineko book trailerra aurkeztu dute. Lezo institutuko taldearen book trailerra, aldiz, Argiaren alaba (Yolanda Arrieta. Denonartean, 2015) liburuari buruzkoa da eta TXIMUELO taldea osatzen duten gazteek Kulero salatzaileak (Miguel A. Mintegia. Aizkorri, 2010) liburua aukeratu dute booktrailerra egiteko. Lehen postuan geratzen den taldeak, lau lagunentzako abentura txangoa eramango du, eta baita ikasgelarentzako 200 euroko bonua ere, liburu eta diskotan gastatu ahal izateko.
Gainontzeko kategorietan sari hauek izango dira jokoan:
Epaimahaiaren saria
Publikoaren saria
Onenak irabaz dezala!