Hemeroteka

2019-05-09

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako finalistak

Joan den astean hautatu zituen epaimahaiak Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako finalistak. Maiatzaren 17an, Tabakalerako zinema-aretoan, egingo den sari banaketa ekitaldian ezagutuko ditugu irabazleen izenak.

Apirilaren 30ean amaitu zen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan botoa emateko epea, eta orain dela egun batzuk jakinarazi genizkizuen 2018-2019 ikasturte honetan Publikoaren Saria irabazi duten taldeen izenak. Publikoaren iritziz, aurtengo book trailerrik onenak Claret ikastetxeko DBH-4 mailako CLARET3 taldearen Tom Sawyer-en abenturak liburuari buruzko book trailerra, Ikastetxeen kategorian, eta Ordiziako Jakintza ikastolako Sara Garcia Rubiok (DESIGNING), norbanakoen kategorian Jessicaren itzala liburua oinarri hartuta egindako lana izan dira. Talde horiek liburu eta diskotan xahutzeko 200 euroko bonua jasoko dute maiatzaren 17an, Tabakalerako zinema-aretoan, egingo den sari banaketa ekitaldian (11:00-12:30).

Egun horretan emango dira jakitera epaimahaiaren sari nagusiak ere. Izan ere, kategoria bakoitzeko 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?

DBH 1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, LA SALLE DONOSTIA B3 (La Salle Donostia), PEPINILLOAK (Axular Lizeoa) eta 1B PATRI, LEIZURI eta UXUE (Kurtzebarri BHI) taldeek aurkeztutako lanak sailkatu dira maiatzaren 17ko finalera. La Salle Donostia ikastetxekoek, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburua aukeratu zuten euren lanaren ardatz gisa, Axular ikastetxekoek Ezekiel liburua eta Kurtzebarri BHIkoek, berriz, Beti iparralderantz. Maiatzaren 17an jakingo dugu nor den irabazlea. Lau lagunentzako abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko 200 euroko bonua (ikasgelarentzako) daude jokoan.

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, NODANA (Bizarain BHI), LASWAPIS (Asuncion ikastetxea) eta MUNDUTARRAK (Nuestra Señora de Aranzazu) taldeen lanak iritsi dira finalera. Bizarain BHIko gazteek Tximeletaren oihua liburuaren gaineko book trailerra aurkeztu dute. LASWAPIS taldearen book trailerra, aldiz, Efektu bereziak liburuari buruzkoa da eta MUNDUTARRAK taldea osatzen duten gazteek Iqbalen historia liburua aukeratu dute booktrailerra egiteko. Lehen postuan geratzen den taldeak, lau lagunentzako abentura txangoa eramango du, eta baita ikasgelarentzako 200 euroko bonua ere, liburu eta diskotan gastatu ahal izateko. Onenak irabaz dezala!