Hemeroteka


Compartir
2017-05-19

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako finalistak

Joan den astean hautatu zituen epaimahaiak Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako finalistak. Maiatzaren 19an, Tabakalerako zinema-aretoan, egingo den sari banaketa ekitaldian ezagutuko ditugu irabazleen izenak.

Apirilaren 28an amaitu zen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan botoa emateko epea, eta orain dela egun batzuk jakinarazi genizkizuen 2016-2017 ikasturte honetan Publikoaren Saria irabazi duten taldeen izenak. Publikoaren iritziz, aurtengo book trailerrik onenak Axular Lizeoko DBH-4 mailako JDR production taldearen Kalte gabeko jokoak liburuari buruzko book trailerra, Ikastetxeen kategorian, eta La Salle Donostia ikastetxeko DBH-2 mailako LSD BAKARKA BOOKTRAILER taldeak Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburua oinarri hartuta egindako lana izan dira. Talde horiek liburu eta diskotan xahutzeko 200 euroko bonua jasoko dute maiatzaren 19an, Tabakalerako zinema-aretoan, egingo den sari banaketa ekitaldian (11:00-12:30).

Egun horretan emango dira jakitera epaimahaiaren sari nagusiak ere. Izan ere, kategoria bakoitzeko 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?

DBH 1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, EMA (Landaberri BHI, DBH-2), LSD 06 (La Salle Donostia, DBH-2) eta Naiara (Claret Ikastola, DBH-1) taldeek aurkeztutako lanak sailkatu dira maiatzaren 19ko finalera. Lasarte-Oriako Landaberri BHIko gazteek, Urtebete itsasargian liburuari buruzko book trailerra aurkeztu zuten. La Salle Donostia ikastetxekoek, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburua aukeratu zuten euren lanaren ardatz gisa, eta Claret Ikastolakoek, berriz, OZ-eko azti harrigarria. Maiatzaren 19an jakingo dugu nor den irabazlea. Lau lagunentzako abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko 200 euroko bonua (ikasgelarentzako) daude jokoan.

Norbanakoen kategorian, Amurrioko IES Zaraobe BHIko Yeray Gomara gazteak -Yeray (Zaraobe)- eskuratu du saria; e-reader bat eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua jasoko ditu Kalte gabeko jokoak liburua irakurri ostean taxututako lanari esker.

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, JANI (Axular Lizeoa, DBH-4), JDR production (Axular Lizeoa, DBH-4) eta Paperzaleak (Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxea, DBH-4) taldeen lanak iritsi dira finalera. Lehenengo biak Axular Lizeoko ikasleen lanak dira, eta Kalte gabeko jokoak liburuaren gaineko book trailerrak aurkeztu dituzte. Paperzaleak taldearen book trailerra, aldiz, Kale gorrian liburuari buruzkoa da. Lehen postuan geratzen den taldeak, lau lagunentzako abentura txangoa eramango du, eta baita ikasgelarentzako 200 euroko bonua ere, liburu eta diskotan gastatu ahal izateko. Onenak irabaz dezala!