Hemeroteka


Compartir
2017-09-29

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa hastera doa

Irailaren 22an amaituko da 2017-2018 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan Ikastetxeen kategorian izena emateko epea. Ikasturte honetan ere parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako liburu bat irakurri eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2018ko martxoaren 9a baino lehen. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea. Norbanakoen kategorian nahikoa da book trailerra azken eguna baino lehen bidaltzearekin. Irakaslea bazara, animatu zure ikasleak parte hartzera. Gaztea bazara, animatu zu zeu! Irakurri, sakatu rec eta parte hartu!

 

 

Lehiaketaren seigarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

 

IKASTETXEKA:

- DBH1-DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

- DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

 

NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

Publikoaren saria ere izango dugu, irekia, bozketa bidez hautatuko dena:

- Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

- Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

* BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.


LIBURU HAUTATUAK

2016an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatutako liburuen zerrenda:

 

DBH 1-2 (12-14 urte)

- Jon eta Mirka. Gregorio Muro. Ilustratzailea: Daniel Redondo. Itzultzailea: Arkaitz Almortza. Harriet Ediciones, 2016

- Ina, nire ama afrikarra. Gilles Riviere. Ilustratzailea: Paxkal Bourgoin. Elkar, 2016

 

DBH 3-4 (14-16 urte)

- Ez da konprenitzen ahal gerra! Begoña Durruty. Denonartean, 2016

- Tximeletaren oihua. Jordi Sierra i Fabra. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2016

 

Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

 

Irakasleentzat BOOK TRAILER LANTEGIA

Lehiaketan izena ematen duten ikastetxeetako irakasleentzat formazio saio praktikoa egingo da urrian: Book Trailer Lantegia. Saio horretan book trailerrak egiteko teknika desberdinak azalduko dira, Dejabu panpin laborategiko kideen eskutik.

 

Halaber, ikasturte honetan lehiaketan izena ematen duten ikastetxeek bakarrik jasoko dute liburu bakoitzaren unitate didaktikoa, ez dira Liburu Gaztea web gunean deskargatzeko moduan egongo.

 

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!

 

 

"2016-2017 ikasturteko sari banaketa ekitaldiaren bideoa"