Hemeroteka


Compartir
2016-09-17

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa hastera doa

Irailaren 16an amaituko da 2016-2017 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan Ikastetxeen kategorian izena emateko epea. Ikasturte honetan ere parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako liburu bat irakurri, launakako taldetan bildu eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2017ko martxoaren 10a baino lehen. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea. Norbanakoen kategorian nahikoa da book trailerra azken eguna baino lehen bidaltzearekin. Irakaslea bazara, animatu zure ikasleak parte hartzera. Gaztea bazara, animatu zu zeu! Irakurri, sakatu rec eta parte hartu!

 

Lehiaketaren bosgarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

IKASTETXEKA:

- DBH1-DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

-  DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

 

NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

Publikoaren saria ere izango dugu, irekia, bozketa bidez hautatuko dena:

PUBLIKOAREN SARIA:

- Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

- Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

* BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.


Liburu hautatuak

Ikasturte honetan aldaketatxo bat izango da: maila bakoitzerako liburu bakarra proposatu beharrean, DBH 1-2 mailetarako eta DBH 3-4rako bina liburu emango ditugu aukeran, parte hartzaileek erabakiko dute zein hautatu.

2015ean euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatutako liburuen zerrenda:

 

DBH 1-2 (12-14 urte)

- OZ-eko azti harrigarria. Lyman Frank Baum. Itzultzailea: J.K. Igerabide. Denonartean, 2015

- Krokodiloa ohe azpian. Mariasun Landa. Erein, 2015

DBH 3-4 (14-16 urte)

- Kortsarioen ostatua. Dani Fano. Ilustratzailea: Guillermo Gonzalez. Ikastolen Elkartea, 2015

- Kalte gabeko jokoak. Ricardo Gomez. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2015

 

Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

 

Irakasleentzat BOOK TRAILER LANTEGIA

Lehiaketan izena ematen duten ikastetxeetako irakasleentzat formazio saio praktikoa egingo da urrian: Book Trailer Lantegia. Saio horretan book trailer bat egiteko urratsak jarriko dira praktikan: gidoia, grabazioa, musika, edizioa…

Halaber, ikasturte honetan lehiaketan izena ematen duten ikastetxeek bakarrik jasoko dute liburu bakoitzaren unitate didaktikoa, ez dira Liburu Gaztea web gunean deskargatzeko moduan egongo.

 

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!