Hemeroteka


Compartir
2021-05-21

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa 2020-2021 Sari banaketa ekitaldi jendetsua Tabakaleran!

Liburu Gaztea booktrailer sariketa eguna heldu da! Gaur, maiatzaren 21ean, goizeko 11:00etan, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan bildu gara Kutxa fundazioaren #izanezberdin proiektuaren eskutik eta bertan burutu dugu 2020-2021 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Aurten, finalistak bertaratu dira ekitaldira eta gainerako ikastetxeek streaming bidez jarraitu ahal izan dute.

Hantxe izan dira Maite Gurrutxaga, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, besteak beste. Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izan dira ekitaldian; hala nola, Jon Arretxe idazlea edota Inazio Mujika idazle eta editorea Erein argitaletxearen izenean.

Nerea Arriola antzezle eta umoregileak gidatutako ekitaldian lau sarai banatu dira. Lehenik, publikoaren sariak banatu dira, boto bidez erabaki dituena publiko zabalak: sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak). Ikastetxeen kategorian, Donostiako Arantzazuko Ama BHI ikastetxeko Squad C taldeak irabazi du 125 botorekin Jon Arretxeren Beti iparralderantz (Erein, 2014) liburuaren book trailerra eginez eta Jon Arretxek berak eman die saria. Eta Norbanakoenean, Eibar BHI ikastetxeko Alex Ugarteburu gazteak Chipiroiak lanarekin 16 boto irabaziaz, Ramon Saizarbitoriaren Kandinskyren tradizioa (Erein, 2003) liburuaren book trailerra eginaz. Kasu honetan, Inazio Mujika Erein argitaletxeko ordezkariak eman du saria eta R. Saizarbitoriaren Miren eta Erromantizismoa liburua eman dio opari Ramonen izenean. 

Bigarrenik, sari nagusiak banatzeko unea iritsi da. Finalista guztien trailerrak ikusi ondoren, epaimahaiak honako hauek hautatu ditu garaile: DBH1-2 multzoan, KALEKOAK taldea izan da garaile, Ezekiel (Elkar, 2009) liburuaren book trailerrarekin. Hortaz, Donostiako Axular Lizeoa ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritzia: “Irakurtzeko gogoa pizten du. Musikaren, irudien eta narratzailearen ahotsaren bidez erritmo bizia eta indartsua du, offeko ahotsaz liburuaren zertzelada esanguratsuenak ezagutu ditzakegu eta gainera, pasarte batzuk antzezten dituzte. Halaber, interesgarria eta dinamikoa da muntaiean, eta baliabide desberdin asko erabiltzen dituzte. Aukeratutako liburuko pasarteak eta gidoia ere oso ondo txertatuta daude. Lan ederra!” Saria  Maite Gurrutxaga Galtzagorri Elkarteko zuzendaritzako kideen eskutik jaso dute. Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, BAMA taldearen lana izan da onena epaimahaiaren iritziz, Ezezagunak (Giltza, 2019) liburuaren book trailerrarekin. Talde hau ere Donostiako Axular Lizeoa ikastetxeko ikasle taldeak osatzen du eta haientzat izan da sari nagusia. Epaimahaiaren iritziz: “Hasiera-hasieratik liburua irakutzeko gogoa pizten dizu. Musikaren eta irudien bidez liburuarekin bat datorren erritmo bizia du. Laburra eta erakargarria. Gidoi eta irudi landuak erabiltzeaz gain, oso ondo aukeratzen dituzte esaldiak, ikusleari irakurtzeko gogoak piztea lortuz. Suspensea du, iradokitzailea da, ederra!” Saria Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, eman die.

Aurten, norbanakoen kategoria hutsik geratu bada ere, ekitaldian esan den bezala, hurrengo urtera begira sari banaketan sorpresa berriak egongo dira epaimahaiaren sariketari dagokionez. Egon adi hurrengo urteko edizoari! Era berean, Liburu Gazteako hurrengo urteko liburu hautatuen berri ere eman da ekitaldian. Honakoak dira 2021-22ra begira hautatutako liburuak: Arrastoa (Juan Kruz Igerabide, 2020), Emakume guztiok (Elizabeth Casillas eta Higinia Garai, 2020), Ikusezin (Eloy Moreno, 2020) eta Frankenstein efektua (Elia Barceló, 2020).

Beste behin ere giro aparta izan da ekitaldian. Mila esker gerturatu zareten guztioi, sariak banatzera etorri zaretenoi eta zorionak parte hartu duzuen ikastetxe, irakasle eta ikasleei! Lan bikaina egin duzue! Streaming bidez eman den sari banaketa ekitaldia hemen ikusi dezakezue:

Jarrai dezagun lanean!