Hemeroteka


Compartir
2013-02-15

Liburu Gazte lehiaketako lehen booktrailerra

Ramon Saizarbitoria idazleak "Kandinskyren tradizioa" liburuari buruzko booktrailerra da Liburu Gaztea lehiaketara aurkeztu den lehen booktrailerra. Martxoaren 15a arteko epea dago lehiaketan parte hartzeko, beraz, hemendik aurrera booktrailer gehiago aurkeztuko direla aurreikusten da. Dagoeneko, gainera, lehiaketan parte hartzen ari diren ikastetxe gehienetan eman dugu ikasleei zuzendutako formazio saioa eta gazteak lanean hasita ikusi ditugu. Beraz, animatu eta hasi booktrailerrak egin eta bidaltzen.

Gogoan izan, lehiaketan parte hartzeko "Aurtengo proposamenak" edo "Ezinbestekoak" zerrendetan agertzen den eta parte hartzailearen adinari dagokion libururen bati buruzko booktrailerra igo behar dela Liburu Gaztea web gunera. Zerrenda horietatik kanpoko liburuen booktrailerrak ez dira lehiaketan sartuko.

Nola egin booktrailerra

Booktrailerra egiteko argibide guztiak Liburu Gaztea web gunearen "Booktrailerrak" atalean daude "Nola egin" izeneko azpiatalean. Bertan 15 urratsetan azaltzen da bideoak nola egin daitezkeen, horretarako hainbat tresna edo baliabide jartzen ditugu eskura (esteka bidez) eta lehiaketan parte hartzeko zenbait xehetasun ere azaltzen dira.

Horrez gain, ikastetxeetan eskaintzen ari garen formazio saioetan erabiltzen dugun Prezi aurkezpen dokumentua ere on-line duzue Galtzagorriren Prezi gunean. Bertan hainbat booktrailer ikus daitezke, baita Galtzagorrik sortutako adibide batzuk ere.

Lehiaketan parte hartzeko, dena dela, ondo irakurri lehiaketako oinarriak, bertan idatzitakoa betetzen ez den kasuetan ez baita egindako lana lehiaketarako aintzat hartuko.

Norbanakoka parte hartzeko

Booktrailer lehiaketak bi modalitate ditu: ikastetxeka eta norbanakoka. Ikastetxeka parte hartzeko izen-ematea iaz itxi zen, baina norbanakoka parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik. 12 eta 16 urte bitarteko gazte gipuzkoarrak badira, nahikoa dute martxoaren 15a baino lehen arestian aipatutako zerrendetako liburu bati buruzko booktrailerra Liburu Gaztea web gunera igotzearekin.

Sariak ere bi eratakoak izango dira: ikastetxeka parte hartzen dutenentzat eta norbanakoka parte hartzen dutenentzat. Horrez gain, bozketan parte hartzen dutenen artean ere e-reader bat zozkatuko da.

Botoak martxoaren 15etik aurrera

Liburu Gaztea lehiaketako epaimahaia publikoa izango da. Izan ere, bozketa irekia izango da, edonork hartu ahal izango du parte. Horretarako martxoaren 15etik maiatzaren 15era bitartean Liburu Gaztea web gunean aktinatuko den "Bozkatu" atalaren bidez botoa eman besterik ez da egin beharko. Gogoan izan bozketan parte hartzen duten guztien artean e-reader bat zozkatuko dela.

Hona hemen "Kandinskyren tradizioa" booktrailerra: