Hemeroteka


Compartir
2012-04-22

Liburu elektronikoa irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoetan

Haur eta Gazte Literatura hasia da aro digitalera egokitzeko urratsak ematen, izan ere, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko bide berriak lantzeko garaia iritsi da. Hori dela eta, tresna elektronikoak eta euskarri digitalak eskaintzen dituzten zerbitzuak ugaritzen ari dira.

Horren adibide da, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean Huescako (Espainia) Udal Liburutegiek aurkeztu zuten egitasmo berria: Tumblebooks izeneko zerbitzu elektronikoa. Baita Extremadurako 5 ikastetxetan abian jarri den egitasmo pilotua: eskola liburutegietan liburu elektronikoak mailegatzeko zerbitzua.

Tumblebooks zerbitzua haur eta gazteei zuzendutako baliabide bat da, Kanadan sortua. Bertan, erabiltzaileek liburu elektronikoak eskura ditzakete Internet bidez eta hainbat hizkuntzatan. Huescako Udal Liburutegiek, diru-laguntza baten bidez, beren irakurleei liburu elektronikoak nahi beste erabiltzeko aukera emateko lizentzia jaso dute. Hortaz, harpidetza egitea nahikoa da TumbleBook Library (Tumblebook liburutegi) zerbitzura internet bidez konektatu eta bere liburu bilduma guztira sarbidea izateko.

Tumblebook liburutegia sei mailatan banatzen da: ipuinak, gazteentzako liburuak, ingelesezko ipuinak eta liburuak, mundu zabaleko liburuak, eta jolasak eta buru-hausgarriak. Liburu guztiak, gainera, paperezko formatuan ere badaude, baina irakurri eta entzun ahal izateko soinua, musika, animazioa eta narrazioa jarri zaie.

E-booka eskola liburutegietan

Udal Liburutegietan ez ezik, eskola liburutegietan ere hasi dira liburu elektronikoak maileguan eskaintzen. Etxremadurako (Espainia) bost ikastetxetan liburu elektronikoak mailegatzeko egitasmo pilotua jarri dute martxan, gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin.

Hemendik aurrera, ohiko liburu eta dokumentu mailegagarriekin batera, e-book-ak ere maileguan hartzeko aukera eskainiko dute ikastetxe horietan. Halaber, liburu elektronikoak irakurketa klubetan, kontaketa saioetan edota ikasgelan lan egiteko erabiltzea ere bada egitasmo pilotu honen helburua.