Hemeroteka


Compartir
2013-11-30

"Liburu bat istorio bat" egitasmoa abian da

Denok dugu gogoan liburu berezi bat. Amets eginarazi zigun liburu bat; erabaki garrantzitsuak hartzera animatu gintuena edo mundua pixka bat hobeto ulertzen lagundu ziguna. Nork bere liburua, nork bere arrazoiak, nork bere istorioa.

Bada, liburu berezi horiek bilduko dituen egitasmoa jarri du martxan Koldo Mitxelena Kulturuneak "Liburu bat istorio bat" lelopean. Jarduera hori kulturunearen 20. urtemugako ospakizunen aitzakian sortu da.

Horrekin, Koldo Mitxelena Kulturuneak norberarentzat bereziak diren liburu horiek guztiak eskuratu nahi ditu, denak batera jarri, hiritar guztien proposamenekin eta parte hartzearekin liburutegi bat osatu.

Jarduera horretan parte hartzeko hiru modu daude: Instagram edo Twitter bidez liburu kutun horren argazkia partekatuz #liburubatistoriobat traolarekin; argazkia liburubatistoriobat@gmail.com helbidera bidaliz; edo Koldo Mitxelena Kulturunean bertan jarritako txokoan argazkia atereaz tablet batekin.

Azaroaren 25 aurrera, bidalitako liburu guztiak batera jarriko dira, gune berezi batean. Proposatutako liburu horiek bertan irakurri edo maileguan eramateko aukera izango da. Eta liburuarekin batera, istorioa, arrazoiak, esanahiak... Bertan egongo den liburu bakoitzak izango baitu esanahi berezi bat norbaitentzat.