Hemeroteka

2020-10-02

Liburu altxorren kutxa-ibiltariak eskola txikietara doaz

Ikasturte berriarekin Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak proiektuak martxan jarri ditugu eta Galtzagorri Elkarteak prestatutako liburu-kutxak Gipuzkoako 33 eta Bizkaiko 24 eskola txikietara eramango ditugu, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiei esker. Kutxak eskoletara eraman eta aurkezpen-saioak egingo dituzte Galtzagorriko dinamizatzaileek; Imanol Mercerok Gipuzkoan eta Saroa Bikandik Bizkaian. Urriaren lehenengo astearekin hasiko dira saioak. Gipuzkoan Aia, Itsasondo eta Larraul izango dira kutxak eramango ditugun lehenengo udalerriak eta Bizkaian Mallabia, Amoroto eta Zeanuri. 

Haurrei zuzendutako liburuez betetako kutxek ikasturte honetan egingo duten ibilbidearen hasiera baino ez da, ekaina bitartean kutxek bi lurraldeetako hainbat udalerritako eskola txikietara iritsiko dira. Proiektuaren xedea da euskarazko haur-literaturan ezinbestekotzat ditugun obrak eskoletara eramatea, hala argitalpen berrienak nola unibertsalak. Aurtengo liburu-zerrenda hemen eskuratu dezakezue. Dinamizatzaileek bitartekariei eta haurrei liburuak aurkeztu eta haiekin egin ditzaketen jarduerak aurkezten dizkiete. 

Aurtengo ikasturte ezohikoan, eskola txikiek proiektuei egin dioten harrera ezin hobea izan da. Osasun krisiak ezarritako baldintzen gainetik, aspaldian ezagutzen duten proiektuarekiko atxikipena erakutsi dute oraingoan ere eta eskoletako ateak irekiko dizkiete Galtzagorri Elkarteak mimo handiz prestatzen dituen liburu-kutxei. Gutxi izan dira errepikatuko ez duten eskolak eta eskola berriek izena eman dute. Eskola gehienek, bestalde, ohi bezala aurrez aurreko saioak egingo dituzte, eta Galtzagorrik eskolekin elkarlanean osasun egoerak ezarritako segurtasun-baldintza guztiak bermatuko ditu. Nolanahi ere, liburu-kutxen aurkezpen-saioak birtual izateko eskaera egin duten eskolei aukera hori emango die Galtzagorrik egoera berrira moldatuta, eta liburu-kutxen aurkezpen birtualak helaraziko dizkie kutxekin batera. Elkartearen erronka aurtengo ikasturtean ere Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak eskoletara iristea zen eta lortu dugu. 

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko eskola txikien jarrera eta harrera eskertu nahi ditu, haiek gabe ezinezkoa litzatekeelako liburu-kutxa ibiltariok beren ibilbidea egitea. Guztion elkarlanari esker, beste behin ere Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltarietako kutxak errepidean dira!