Hemeroteka


Compartir
2020-06-25

Liburu altxor-ibiltariak Galtzagorriko egoitzara itzuli dira

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin bideratzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoen saioak ikasturtearekin batera amaitu dira. Aurten Bizkaiko 25 eta Gipuzkoako 33 eskolek parte hartu dute egitasmoetan; liburu berriz eta kalitate handiko ezinbesteko liburuz osatutako altxor kutxak jaso dituzte.

Ikasturteko azken eskolek, Covid19ak eragindako egoeragatik, ezin izan dituzte saioak modu presentzialean jaso, baina hutsune hori betetzeko, liburuen aurkezpen bideoak sortu ditugu, eta haurrentzako ipuin kontaketak grabatu, eta eskola hauetara bidali.

Beraz, Galtzagorriko bulegora iritsi berri dira Bizkaian eta Gipuzkoan zehar bidaiatzen ibili diren 10 liburu kutxak. Horiek hustu, liburu kaltetuak ordezkatu, berriak sartu eta datorren ikasturtean itzuliko dira 2019 eta 2020ko libururik onenekin.

Egitasmo horiei esker irailetik ekainera Gipuzkoako eta Bizkaiko eskola txikietan liburuz hornitutako kutxak izaten dituzte hilabetez. Liburu-kutxa hori eskolara eraman eta ikasleen adinaren araberako dinamizazio saioak eskaintzen ditu Galtzagorriko dinamizatzaile batek: Imanol Mercerok Gipuzkoan; Saroa Bikandik Bizkaian. Liburuak aurkeztu, kontakizun txikiak egin, poesia jokoak eskaini, album ilustratuak ikusi... Hilabetez, eskolek kutxa maileguan izaten dute eta ondoren, berriz joaten da dinamizatzailea kutxaren bila eta ikasle eta irakasleen iritziak jaso eta ikasleek eskatutako zenbait liburu irakurri eta kontatzen ditu.

Aholkularitza zerbitzua irakasleentzat

Irakasleentzako aholkularitza zerbitzua eskaini du Galtzagorri Elkarteak 2019-2020. ikasturtean zehar. Aholkularitza saio hauetan azken urtean Euskarazko Haur Literaturan argitaratu diren libururik kalitatezkoenak aurkeztu dizkie Galtzagorriko dinamizatzaileak eta horiek oinarri hartuta haurrekin burutu ditzaketen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko estrategiak azaldu. Zerbitzu honen helburu nagusiak irakasleen formazioa, eskola liburutegien dinamizazioa eta liburuak baloratzeko irizpideak sustatzea dira.

Praktika Onak

Haurrentzako saioak eta aholkularitza burutzeaz gain, irakasleei eskolan aurrera eramandako praktika onak helarazteko eskatu diegu aurtengo ikasturtean eta parte hartu duten eskola guztien artean liburu lote bat zozketatu dugu. Gipuzkoan, Berrobira joan da liburu sorta, eta Bizkaian, Aulestira.

Praktika on hauek gure web gunean edonork ikusteko moduan jarri ditugu eskola ezberdinetan irakurzaletasuna sustatzeko aurrera daramatzaten ekimen horiek gainontzeko eskolentzako ideia iturri izateko helburuz.

Motibazio literarioa sustatzen 20 urtez

Aipatu 10 kutxetako bakoitza 127 liburuz osatuta da: horietako asko aurreko urtean argitaratutako euskarazko haur libururik onenak izaten dira, Galtzagorrik urtero egiten duen Irakurketa Mintegian hautatutakoak. Eta besteak, hainbat urtez kutxetan izaten diren ezinbesteko euskarazko irakurgaiak, kalitate handiko liburuak guztiak. Egitasmo honen helburu nagusia motibazio literarioa eta irakurzaletasuna sustatzea da. 2000. Urtean jarri zen martxan Gipuzkoan eta 2001ean Bizkaian. Harrez gero etenik gabe egin da ikasturtez ikasturte.