Hemeroteka


Compartir
2015-07-02

Leire Urbeltzen lanekin beteko da Ilustratzailearen Txokoa

Ekainaren 17tik irailaren 13ra, Leire Urbeltz irudigile nafarraren lanak ikusteko aukera izango da Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Ekainaren 14ra arte Belen Lucasen lanek bete duten txokoan, orain Urbeltzen ilustrazio eta sorkuntza lanez gozatzeko aukera izango da.

Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin batera sortutako Ilustratzailearen Txokoak hartuko duen hamaikagarren ilustratzailea da. 2012ko urrian inauguratu zenetik, bertatik igaro dira Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta eta Belen Lucas.

Euskal irudigileen lanaren erakusleiho bihurtu den txoko honetan belaunaldi eta joera desberdinetako ilustratzaileen lanak izaten dira ikusgai. Beste behin ere, aniztasun horren adierazle eta ilustratzaileen belaunaldi gaztearen adibide izango da Leire Urbeltzek bere lanekin beteko duen txokoa.