Gaurtik eta ekainaren 11 arte Leire Salaberria ilustratzailearen lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.
Leire Salaberria Andoainen jaio zen 1983an. Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon eta Bartzelonan Haur Ilustrazio eta diseinu grafikoko gradu ondokoa egin zuen. Ilustratzaile ibilbidea 2011n hasi zuen eta Haur eta Gazte Literaturara bideratu du gehienbat bere lana.
Arte Ederrak ikasten ari zelarik hasi zen erakusketak egiten eta, ordutik, bere lanak munduko herrialde ezberdinetan egon dira ikusgai.
Urteek aurrera egin ahala, bere obra, hurrenez hurren, Boloniako Haur Liburu Azokan, Ilustrazioaren VI. Katalogo Iberoamerikarrean (SM Fundazioak, Guadalajarako Nazioarteko Azokak eta El Ilustraderok sustatua), Sharjah International Book Fairen (Sharjah, Arabiar Emirerri Batuak) eta BIBen (Bratislavako Nazioarteko Ilustrazio Biurtekoa) erakusgai egoteko aukeratua izan da.
2011n argitaratu zuen bere lehenengo liburua eta, orduz geroztik, liburu andana ilustratu ditu Italian, Mexikon, Erresuma Batuan, Txinan, Txilen, Frantzian eta Espainian. Euskarazko hiru album irudidunen autorea da: “Euria ari duenean” (Pamiela, 2011), “Hiltzaileak” (Pamiela, 2014) eta “Bat gehiago gara” (Txalaparta, 2022) eta beste hainbat lanen ilustratzaile. Besteak beste, Iñigo Astizen, Alaine Agirreren eta Xabier Mendigurenen lanak ilustratu ditu.
Bere ibilbidean zehar hainbat sari eta aipamen eskuratu ditu. Besteak beste, 2014. urtean Sharjahko Nazioarteko Liburu Azokan ohorezko aipamena jaso zuen eta Etxepare Saria bitan irabazi du “Euria ari duenean” eta “Hiltzaileak” liburuengatik. “La familia panda” liburuak (euskaraz “Bat gehiago gara” izenburuarekin argitaratua) Miamiko Cuatro Gatos Fundazioaren 2022ko saria jaso berri du. Bere liburuetako batzuk, gainera, beste hainbat hizkuntzatara itzuli dira.