Azaroaren 6an OEPLIren (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) egoitzan bildu ondoren, 2017ko Lazarillo sarietako epaimahaikideek Literatura Sorkuntzako Saria Ledicia Costasek eta Rafael Salmerónek aurkeztutako gazte nobelei ex aequo ematea erabaki zuten. Album Ilustratuaren saria berriz, aho batez, Eva Palomar Gómez ilustratzaileari ematea adostu zuten.
“A balada dos unicornios” izenburua du Ledicia Costasek gailegoz idatzitako nobelak. Rafael Salmerón-en gaztelaniazko lanak, berriz, “No te muevas Musaraña” du izenburu. Eva Palomarrek aurkeztutako album ilustratuaren goiburua “Bienvenida Lupe” da.
Lazarillo Sarietan 3.000 euro irabazten ditu modalitate bakoitzeko irabazleak. Aurtengoan, beraz, 1.500 eurona eskuratuko dituzte Literatura Sorkuntza Modalitateko bi irabazleek, epaimahaiak saria ex aequo ematea erabaki duenez. Sari banaketa ekitaldia, berriz, abenduaren 13an egingo da Madrilgo Haur eta Gazte Liburuaren XLI. Saloian.
Epaimahaikideak eta parte-hartzea
Literatura Sorkuntzako epaimahaia honakoek osatu zuten: Xosé A. Perozo, OEPLIko lehendakaria, Nuria Ranz, Montse Pena, Arantxa Bea eta Idoia Etxegoien, OEPLIren lau lurralde atalen ordezkari gisa. Idazkari lanak, hitzarekin parte hartzeko aukerarekin baina botorik gabe, Ana Cendánek, OEPLIko Idazkari Teknikoak egin zituen.
Literatur Sorkuntzako Lazarillo Sarira 68 lan aurkeztu ziren. Horietatik 41 narratiba generokoak ziren, 23 poesia lanak eta 4 antzerki obrak. Orotara, 56 zeuden gaztelaniaz idatzita, 9 gailegoz eta 3 katalanez.
Album ilustratuaren alorrean epaimahaia honakoek osatu zuten: Xosé A. Perozo, Teresa Nova, Ainara Azpiazu, Antonio Seijas eta Bernat Cormand, OEPLIren lau lurralde atalen ordezkari gisa. Ana Cendánek egin zituen idazkari lanak.Guztira 41 lan aurkeztu ziren aurtengo ediziora.
Espainiako saririk zaharrena
Prestigio handikoa da Lazarillo saria, Espainiako haur eta gazte literatura saririk zaharrena da, gainera. Izan ere, Instituto Nacional del Libro Español erakundeak sortu zuen 1958an haur eta gazteentzat kalitatezko liburuen sorkuntza sustatzeko helburuarekin. 1986tik aurrera, OEPLI arduratu da urtero antolatzeaz bere bi modalitateetan: "Album Ilustratua" eta "Literatura Sorkuntza", Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioaren babesarekin, bakoitzean ematen den diru-saria 3.000 eurokoa delarik. Edizio honetan El Corte Ingléseko Kultura Sailaren kolaborazioa ere izan dute sari hauek.
Sarituei buruz
Urteak dira Ledicia Costas galiziar idazleak sorkuntza literarioa lanbide bakar gisa hautatu zuenetik. Haur eta Gazte Literaturan argitaratutako lanengatik da batez ere ezaguna eta sari entzutetsuak jaso ditu alor honetan: "Escarlatina, a cociñeira defunta" lanarekin, besteak beste, Merlín Saria, Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eta Ibbyren Ohorezko Zerrendan sartzea lortu zituen. "Jules Verne e a vida secreta das mulleres planta" lanarekin Literatura Sorkuntzako Lazarillo Saria eskuratu zuen 2015ean eta urte berean Galiziar Liburuaren Galan Haur eta Gazte Liburu onenaren Saria, 2017ko White Ravens Zerrendan ere agertu zen. 2017an bertan argitaratu du bere azken nobela: "A señorita Bubble". Bere lanak hizkuntza askotara itzuliak izan dira.
Rafael Salmerón López 1972an jaio zen Madrilen. 1994an hasi zuen bere ibilbidea Haur eta Gazte Literaturan ilustratzaile gisa; baina, 2001etik, bere denbora gehiena bere istorioak idazteari ematen dio. Ilustratzaile gisa, 60 izenburu baino gehiago argitaratu ditu Espainiako argitaletxe garrantzitsuenekin. Eta idazle gisa gazteentzako hiru nobela ditu argitaratuak: La cometa de Noah eta Un balón por una Bala Ediciones SM-n eta 27 latidos, Loqueleo-n. Gainera, Concha López Narváez-ekin elkarlanean Haur Literaturako hainbat lan argitaratuak ditu: Escapar de un cuento eta Krac y Croc, Anaya argitaletxean eta Beltrán el erizo, Ed. SM-n.
Eva Palomar Gómez. (Bartzelona, 1990). Diseinu Grafikoan Graduatu zen Baun, Bartzelonako Diseinuaren Unibertsitate Zentroan. Bere formazioa osatzeko, ilustrazioan espezializatu zen Teesside University-n (Erresuma Batua). 2013tik proiektu anitzak burutzen ditu: argitalpenen ilustrazioa eta marken sorreratik hasi eta afixak egin eta haurrentzako albumen ilustraziora.
Saritutako lanak
“A balada dos unicornios”. Pertsonaia boteretsuez betetako fantasiazko unibertso originala sortzen du obra honek, epaimahaiaren iritziz. Ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokaren errepresentazioa egiten du, bereziki zaindua dagoen literatura baten bidez. Steampumk estetika nabarmeneko nobela bat da, garai viktoriarreko Londresen girotutakoa. Tramankulu eta Lanbideen Eskola Ospetsuan herrialde osoko buru argienak hezten dituzte. Bertan bizi dira Ágata, pertsona mekanikoa, eta beregandik bereiziezina den Tic-Tac robota. Gau batean Ágata eskolatik ihes egitera behartua dago eta bidaia arriskutsu bat hasten du, zeinetatik ez dakien inoiz itzultzerik izango duen.
“No te muevas musaraña”. Epaimahaiak emozioa sortzen duen eta helduarora igarotzen den nerabe baten garapena islatzen duen narrazio arin gisa deskribatzen du. Erreferentzia piktorikoak dituen istorio sentikor eta hurbila. Laïa Vergés-ek 17 urte ditu. Eguneroko bizitza institutuan ez da erraza. Laïa ez da ezaguna eta ez da saiatzen ezaguna izaten. Agian gustatuko litzaioke, baina ez dela nahiko liraina ez nahiko argala uste du, beraz, Zertarako saiatu inoiz izatera iritsiko ez den norbait izaten?
“Bienvenida Lupe”. Lupe berria da basoan. Hainbesterainokoa da beste erbiak ezagutzeko duen lotsa, ezen mozorro bat egitea erabakitzen duen besteek ezagut ez dezaten. Epaimahaiak aho batez azpimarratu du album honetan ilustrazioaren eta testuaren artean dagoen oreka egokia, zeinaren bidez ezer asko ez izatearen garrantziaren inguruko istorio borobila sortzen den, umorearekin eta irudikapen oso pertsonalarekin.