Hemeroteka


Compartir
2018-10-03

Lampedusako IBBY-ren kanpalekua urriaren 29tik azaroaren 3ra izango da

Lampedusa Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbideetako bat da, eta migratzaile horietako asko haurrak dira. IBBYren Italiako atalak, haur haiei guztiei liburu bana eskuetan izateko eskubidea bermatze aldera, liburu mutuak ardatz dituen egitasmo bat martxan jarri zuen. Egitasmoak bi ardatz ditu. Bat Lampedusan Liburutegi bat sortzea izan da, eta trabak traba irailean inauguratu zuten. Eta inauguratu bazuten, hainbat boluntarioren lanari eta ekimenari esker izan zen. Galtzagorrik ere bere aletxoa jarri zuen, eta 25. urtemugaren harira egindako enkantean bildutakoa liburutegia finantzatzen laguntzeko bidali zen.

Liburutegiaz gain, egitasmoak hartzen duen beste proiektua album mutuez osatutako erakusketa ibiltaria da., eta Italiako hainbat hiritan aurkezten dute. Final destination Lampedusa (Lampedusa jomugan) da erakusketaren izena eta laugarren ekitaldia izango du aurtengoa. Galtzagorri elkarteak gurean kaleratutako liburuak proposatzen ditu erakusketaren katalogorako.

Lampedusara boluntario joan nahi duzu?

Lampedusan IBBY-ren Italiako sailak bultzatuta egingo dituzten kanpalekuetara doazenak elkarlanean arituko dira etengabe sortzen eta birsortzen ari den liburutegian. Nola sortu aldi berean lokala eta nazioartekoa izango den liburutegia? Aldi berean ohikoa eta ohiz kanpokoa izango dena? Datozenei ongi etorria egiteko prest dagoen liburutegia? Proiektua ez dago bakarrik Lampedusara begira, mugan dauden toki guztiei begira dago, denetan baitaude aukerak izateko eskubidea duten haurrak.

Kanpalekuen helburua Lampedusako Liburutegian irakurzaletasuna sustatzea da, baita liburutegian liburuak antolatzeko modurik egokiena aurkitzea ere, liburuei ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Ideiak jasotzeko gogoa dute, iradokizun guztiak aztertuko dituzte.

Liburuzainak, ikasleak, eskarmentua duten lagunak... Denak zaudete Lampedusara gonbidatuta. Bidelagun izango dituzue han elkartuko diren ilustratzaileak eta idazleak. Kanpalekuak iraun bitartean bilerak eta irakurketak antolatuko dituzte eta esperientzia trukea bultzatuko dute.

Zer behar da?

Kanpalekuetako jarduera guztiak doan dira, baina boluntarioek nork bere bidaia eta egonaldia finantzatu beharko dute. Joateko erabakia hartuz gero, hegaldia edo barku bidaia erreserbatu, eta IBBY-ra idatzi behar da (soria.deb@mail.com). Haiek izapide bat helaraziko dizute zuk bete, eta berriro bidali dezazun. Helbide elektroniko horretara bertara idatz daiteke informazio gehiago eskatzeko.

Familiarekin joan zaitezke. Ez daukazu zertan aste osoa egon beharrik. Ez daukazu boluntario lanetan ordu guztiak egin beharrik, orduak eta egunak zuk aukera ditzakezu, beti ere, hangoei jakinarazita.