Hemeroteka


Compartir
2012-08-26

Kontuari kontu literatur aretoa bisitatzeko azken egunak

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan sortutako Kontuari kontu izeneko literatur aretoa Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran, 3. solairuan, dago ikusgai datorren larunbatera arte. Bertan tradiziozko ipuinek eskaintzen duten munduan oinarrituta, horien edertasuna sentitu, ikusi, entzun eta irakurri ahal izango da espazio berezi batean murgilduta. Egitasmoa Itziar Zubizarretak sortu eta koordinatu du, eta aretoaren moldaketa artistikoan 20 bat laguneko taldea aritu da lanean.

Aretoak bi osagai nagusi ditu: tradiziozko ipuin-bildumatxo bat eta erakusketa bat.

Ipuin-bilduma

Itziar Zubizarretak tradiziozko lau ipuin moldatu ditu areto honetarako eta bakoitza irudigile batek ilustratu du: Alaba eta Alabaordea (Eider Eibar), Errege Zorria (Jon Zabaleta), Hiru Olatuak (Maite Gurrutxaga) eta Zazpi Lapurrak (Iñaki Martiarena Mattin). Lau liburuxkak eta horiekin sortutako ipuin musikatuen CDa kutxatxo batean bildu dira. CDan lau ipuinak entzun daitezke Patxi Zubizarretak eta Itziar Zubizarretaren ahotsetan, Zuriñe Fernandez Gerenabarrenak lan horretarako propio sortutako musikarekin batera. Lan horretan bidelagun izan ditu Roberto Casado (flauta) eta Félix Arrate (perkusioa).

Ipuin bilduma hau salgai dago dagoeneko Galtzagorriren web gunean.

Erakusketa

Babarrun landare erraldoi batek erakutsiko dio ikusleari KMko Ganabara aretorainoko bidea. Bertan aurkituko du ipuinen eremu magikoa. Aretoaren erdian dagoen kobrezko espiral batek ipuinen zurrunbiloan sartu eta ametsezko mundu batean murgilaraziko du.

Aretoak lau irakurketa gune izango ditu, bakoitzean aurkituko dugun ipuina sinbolizatzen duen objektu bat dago zintzilik.

Horrez gain, ipuinek irudikatzen dituzten mundu bereziak eta arketipoak ikusi ahal izango dira liburu-bilduma baten ilustrazioetan. Bilduma hori, Gaska Fundazioaren ekarpena izan da.

Bukatzeko, ilustrazioaren alorretik jasotako proposamen berriak ere bilduko ditu erakusketak. Izan ere, Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen dituen Marraz(i)Oak Topaketetan sortutako lan batzuk ikusi ahal izango dira aretoan, Begoña Durruty, Maite Caballero, Idoia Beretarbide, Oihana Leunda, Josean Molasin eta Aitziber Akerretarenak, hain zuzen.

Lan-talde handia

Aretoaren moldaketa lanetan artista eta tekniko asko ibili dira: Itsaso Azkarate eta Taun-Taun Teatroko kideak; Karlos Odriozola eta Santi Ezkurdia, espazioaren antolaketa eta iluminazio lanetan; Anton Mendizabal kobrezko espirala sortzen; eta Dejabuko lagunak, Urko Redondo eta Ander Fernández, muntaia lanetan. Horrez gain, Zuriñe Fernández de Gerenabarrenak sorpresaz beteriko soinu joko bat sortu du. Lan horren guztiaren emaitzak ametsezko munduan sartu eta espazioa eta denboraren mugak gainditzera eramango du ikuslea.

Ordutegia

Aretoa ekainaren 28tik abuztuaren 25era izango da zabalik, asteartetik larunbatera 16:00etatik 20:00etara. Jaiegunetan itxita egongo da. Goizez, berriz, publiko zabalari itxita egongo da aretoa, izan ere, haurrentzako bisita gidatuak egingo dira Mari Garcia dinamizatzailearen eskutik.