Hemeroteka


Compartir
2013-12-02

Klis-klasikoak bildumako bi liburu berrien aurkezpena

Haizea sahats artean, eta Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak dira bilduma honetako 2 liburu berriak.

Galtzagorri Elkarteak Klis-klasikoak liburu-sorta sortu zuen 2011n Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan. Bi urte hauetan zazpi liburu argitaratu dira bilduma honen barruan, eta abenduaren 2an beste bi aurkeztuko dira.

Batetik, klasiko unibertsal bat euskaraz: Erein eta Igela argitaletxeek argitaratu duten Haizea sahats artean (9-12 urte bitartekoentzat). Kenneth Grahame idazlearen The wind in the willows (1908) klasikoaren itzulpena, Miren Arratibelek itzuli eta Elena Odriozolak ilustratua, gaztelaniazko edizioan argitaratu ziren irudiekin (El viento en los sauces, Grupo Anaya 2006).

Bestetik, euskarazko “klasiko” agortu baten berrargitalpena: Xabier Olasok idatzi, Agurtzane Villatek ilustratu eta Pamiela argitaletxeak argitaratutako Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak (4-8 urte bitartekoentzat) liburuaren berrargitalpena.

Liburu hauen aurkezpena abenduaren 2an izango da 11:45ean Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Sotoan. Bertan izango dira Galtzagorri Elkarteko lehendakari Aitziber Alonso, eta Jokin Azkue, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria. Baita liburuen idazle, itzultzaile, ilustratzaile eta argitaldarietako ordezkariak ere.

Haizea sahatsen artean 1908an argitaratu zuen estreinakoz Kenneth Grahame idazle eskoziarrak (1859-1932). Lau urteko semeari ahoz kontatzen zizkion istorioetan oinarritu zen haur eleberri hau ontzeko. Bankuko lanpostua utzi eta Tamesis ibaiaren ertzean hasi zuen bizimodu berria Grahamek eta egilea bezala, ibaiaren ertzean bizi dira eleberri honetako protagonistak ere: Satorra, Igaraba, Ur Arratoia eta Apoa. Grahamek izandako bizimodu garratzaren beste muturrean, animalien gizarte idealizatu eta zoriontsua eskaintzen du eleberriak, elkartasuna eta samurtasuna nagusi diren lagunartea. Poesiara hurbiltzen den estiloz idatzitako kontakizunean, lau lagunen abentura eta pasadizoak kontatzen ditu egileak, ibaiertzean egindako joan-etorriak eta eguneroko abenturatxoak eta Apoaren erokeria barregarriak. Gizakien antza eta haurren inozentzia dute animalia hauek eta beren xalotasunak egiten ditu hunkigarri. Liburuari darion xalotasun, poetikotasun eta hunkitzeko gaitasun horregatik irakurri da belaunaldiz belaunaldi joan den mende osoan zehar liburu hau, herrialde anglosaxoietan batez ere. Estreinakoz argitaratu da orain euskaraz, Elena Odriozolaren ilustrazioek lagunduta eta Miren Arratibelen itzulpenean. Juan Kruz Igerabidek egin dio hitzaurrea eta Erein eta Igela argitaletxeek plazaratu.

Hemen liburuaren book trailerra:

 

Auskalo! 375 Igarkizunez eta 12 aho-korapiloz osatutako bilduma 2001ean argitaratu zuen lehenengoz Xabier Olasok (Otxandio, 1964). Euskal haur eta gazte literaturaren klasiko gaztea da Olasorena, baina bere gaztetasunean ibilbide oparoa egin duena. Agortutako liburua berrargitaratu da Klis-klasikoak bilduman, hitzekin jolasteko tresna aparta eskaintzen baitu. Jolasa, umorea eta plazer estetikoa erruz eskaintzen du liburuak, poesiaren mugan dauden testuen bidez. Igarkizunen tradizio luzea gaurkotuta eskaintzen du Olasok, baliabide ugari eta askotarikoak erabiliz: konparaketak, metaforak, hitz-jokoak, hoskidetasunak... Tradizio luzea gaurkotu ez ezik bertakotu ere egiten du liburuak: euskal tradizioko forma poetikoen musika eta oihartzunak sarri entzuten baitira testuotan. Hala, haur euskaldunei hizkuntzarekin jolasteko eta adimena zein mingaina zorrozteko gonbita egiten die Auskalo!-k. Jatorrizko edizioa bezala, oraingoa ere Agurtzane Villateren ilustrazioek lagunduta dator eta Pamiela argitaletxeak kaleratu du. Itziar Zubizarretaren hitzaurreak zabaltzen du edizio berri hau.

Hemen liburuaren book trailerra: