Hemeroteka


Compartir
2013-11-27

Klis-klasikoak bilduma

Lehen ‘Abrite portas, klis-klas!’ esan, eta lapurren haitzuloko atea irekitzen zen, iraganeko altxor preziatuak. Orain ‘Abrite portas, klis-klas!’ esan, eta etorkizuneko altxorrak zabalduko zaizkizu, euskaraz nahiz munduko edozein hizkuntzatan sortutako liburuak: KLIS-KLASIKOAK!

Lelo horrekin zabaltzen dira Klis-klasikoak sorta osatutzen duten liburuak. Testuak aurreratzen duen bezala, haur eta gazte literaturako lan klasikoetarako sarbidea izan nahi du Klis-klasikoak bildumak; hots, 4 eta 16 urte bitarteko irakurleei (ez haiei bakarrik, baina bereziki haiei) euskarazko literatur obra kanonikoak eskueran jartzea zein beste hizkuntzetako klasikoen itzulpen egokiak (ezen ez egokituak) eskaintzea du xede nagusi.

Liburu sorta honen ezaugarri diren aniztasun eta kalitatearen erakusgarri dira orain arte argitaratu diren liburuak:

2011ko klis-klasikoak

- Pinotxoren abenturak
- Indianoa
- Maria Goikoak Batbirulau
- Txan fantasma

2012ko klis-klasikoak

- Tom Sawyer-en abenturak (Itzulpenaren EUSKADI SARIA 2013)
- Elmer
- Amattoren uzta

2013ko klis-klasikoak

- Haizea sahats artean
- Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak

Klasikoen garrantzia

Italo Calvinok esana da klasikoak eragin berezia duten liburuak direla, memoria indibidual edo kolektiboaren tolesduretan lekua egiten dutenak. Haur euskaldunek Mendebaldeko ondare literario eta kultural hori euskaraz gozatu ahal izateko aukera izan dezaten sortu da, alde batetik, Klis-klasikoak egitasmoa. Guztion akorduan dauden eta memoria kolektiboaren parte diren pertsonaiak eta kontakizunak, belaunaldiz belaunaldi gizarte-kohesiorako balio izan duten testuak eta erreferenteak ume euskaldunei eskura jartzea du helburu bildumak; era berean, irakurketa literariorako trebetasunak garatzen ari diren gazteei behar bezalako tresnak eskaini nahi dizkie bildumak. Izan ere, irakurzaletasuna sustatu beharraz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ziur gaude irakurketarekin gozatzeko, literaturara zaletzeko ezinbestekoa dela liburu onak, hainbat irakurle-belaunaldiren galbahetik pasatakoak (klasikoak, alegia) irakurle berrienei eskura jartzea.

Euskarazko lan gogoangarrien berrargitalpena Alabaina, batzuetan ez da denboran atzeregi eta espazioan urrunegi joan behar literatur lan gogoangarriak aurkitzeko eta, hain zuzen, horixe da Klis-klasikoak-en bigarren xedea: euskaraz sortutako haur eta gazte literaturako altxorrek osatzen duten tradizioa jaso eta modu duinean gaurko belaunaldiei eskaintzea, euskal haur eta gazte literaturaren ibilbidea modu erakargarrian aurkeztea eta azken hamarkadetan haur eta gazteentzako gure literaturak eman dituen alerik preziatuenei bigarren bizialdia ematea.

Helburu nagusi horiek gogoan izanda, liburutegi eta liburu dendetan ikusitako hainbat hutsune bete nahi dituzte Klis-klasikoek. Ez da, noski, euskarara haur eta gazte literaturako klasikoak ekartzeko lehen ahalegina hau. Gogoan izatekoak dira 70eko hamarkadatik aurrera, eta batez ere 80ko hamarkadan zehar, eskolaren euskalduntze azkarrak behartuta egin ziren lan klasikoen euskaratze eta egokitzapenak; 90eko hamarkadatik aurrera ere egin izan diren ahalegin solte eta isolatuagoak, gehienetan jarraikortasun handirik gabe. Alabaina, edizio haietako gehienak eskuraezinak dira gaur egun; beste hainbat edizio originalen itzulpenak barik testu egokituen itzulpenak ziren; itzulpen ereduak eta moldeak ere aldatuak dira; hainbat erreferentzia ezinbesteko, aldiz, sekula ez dira osorik euskaratu.

Aditu batzordea

Irakurle gaztetxoentzako literatur eskaintzan klasikoen esparruan antzematen diren gabezia nagusienak, falta ditugun erreferenteak bilatzea da Galtzagorriren lehen zereginetakoa Klis-klasikoak abiatzean, eta ahal den neurrian hutsune horiek duin betetzea izango du xede aurrerantzean. Batzorde batek hartu du bere gain hutsune eta gabezia horiek hautemateko zeregina: bibliotekari, idazle, editore, ilustratzaile, kritikari eta literaturaren irakaskuntzan eskarmentua duten profesionalak jardun dira azken urtebetean hautaketa-prozesuan zein argitalpen-irizpideak finkatzen.

Altxor kutxa

Edonola ere, ez gara zerotik abiatu, eta haur eta gazte literaturaren itzulpen esparruan aurrez egindako lana kontuan hartzen du Klis-klasikoak bildumak. Agortuta egon arren gaurkotasunik galdu ez duten itzulpenak berrargitaratzea, edo itzulpenok gaurkotzea nahiz hutsetik berriro itzultzea da bildumaren helburua.

Euskarazko klasikoei dagokienez, berriz, katalogoz kanpo edo liburutegietako fondo gordeenetan ezkutatuta zeuden zenbait harribitxi berreskuratzea eta berrargitaratzea da helburua; beste zenbaitetan, merezi bezalako ediziorik izan ez duten lanak argitalpen zaindu eta gaurkotuan berrargitaratzeko asmoa izango da akuilu.

Euskaraz sortuek nahiz itzuliek, itzulpen berri nahiz gaurkotuek, berrargitalpenek nahiz edizio berriek, orain ilustratutakoek nahiz aspaldiko ilustrazioek osatzen eta osatuko dute, beraz, Klis-klasikoak. Hala, klasikoen bilduma estandar bat baino gehiago, Klis-klasikoak altxor kutxa bat da: ale bereziak, perlak eta harribitxiak jasotzen dituena, kolore, tamaina eta izaera diferentekoak.