Hemeroteka


Compartir
2009-05-30

Kataluniako Nascuts Per Llegir-en aurrerapausoak eta Bularretik Mintzora-ren ebaluaketaren hastapenak

Bularretik Mintzora kanpaina 0 eta 6 urte bitarteko haurren guraso eta hezitzaileei bideratuta dago. Hauei formazioa eskaini nahi die hain zuzen, haur txiki horiengan irakurketa ohiturak sortzeko.

Horregatik kanpainarako sortutako materiala hainbat formazio eskaintzekin dago babestuta. Formazio eta material horen bitartez eskola, liburutegia eta etxea lotzen direlarik kanpaina honetan.

Lehenengo fase batean, EAEko bost herrietan garatu da Bularretik Mintzora: Tolosan hasi eta Amurrion bukatzeraino. Tartean, Iurreta, Ermua eta Oñatin ere garatu delarik. Orain, bost herri horietan ebaluaketa bideratzeari ekingo dio Galtzagorriko lan talde batek. Hain zuzen, lehenengo fase pilotuak erein dituen fruituak zenbatekoak eta nolakoak izan diren jasotzera eta ikertzera doa lan talde hau aurten. Itziar Zubizarreta kanpainako zuzendariak, Juan Karlos Alonso psikologoak eta Jone Arroitajauregi bibliotekariak osatuko dute taldea. Egiten duten ebaluaketak aurrera nola jarraitu, zer aldatu, zer hobetu eta zer mantendu ezagutzera emango digu.

 

Nascuts per Llegiren aztarnak

Hain zuzen, hori da katalanek egin dutena euren Nascuts per Llegir izeneko kanpainarekin. Lehenengo fase pilotua bukatuta, hura ebaluatzeari ekin zioten 2008an. Besteak beste, jasotako datuen artean, honakoak daude: 2008an proiektuan parte hartzen zuten familien kopuruak %44an egin zuen gora; irakurle txiki txikientzat egingiko irakurketa materialen mailegua %23,65an hazi zen; baita antolatutako ekimenek ere, %26,64an. 

2008an zehar, Katalunian 4 herri berrik eman zuten izena kanpainan eta baita Bartzelona hiri bertako beste bi liburutegi eta bi Lehen Mailako Arreta Gunek ere.

 

Laster bloga eta ebaluaketa datuak web orrialdean

Euskal Herrian, eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren laguntzarekin, hasi berria da kanpainaren lehen pausoen ebaluaketa lana. Horregatik, laster batean, blog bat paratuko da orain gutxi bere web orrialdean Galtzagorrik sortu duen Bularretik Mintzora atalean. Modu horretan, kanpainaren lehen fasean parte hartu duten bost herriek eta gerora parte hartuko dutenek pasahitz baten bitartez, euren esperientziak elkartrukatu ahal izango dituzte.

 

Beraz, Tolosa, Iurreta, Ermua, Oñati eta Amurriok laster izango dute bertan iritzia emateko aukera. Ondoren, Markina, Legazpi eta Aramaiok ere aukera bera izango dutelarik. Eta baita etorkizun batean kanpainan parte hartzen dutenek ere.

Bularretik MIntzora kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio zenez, aurten hasiko gara bost herri horietan dagoeneko garatutako egitasmoek izan duten ondorioaren ebaluaketa egiten. Ikasturte honetan biltzen diren datuak pixkanaka gunean jasotzen joango gara eta modu horretan, kanpainaren ondorio kuantitatibo eta kualitatiboak ezagutzen joango gara.

 

Informazio zabalagoa nahi duenak, Bularretik Mintzoraren atalean sartu eta bertatik eska lezake zuzenean galdetegi bat betez.