Hemeroteka


Compartir
2009-02-23

Kamishibai ipuinak kontatzeko teknikari buruzko ikastaroa otsailean

Irakurzaletasuna sustatzeko oso eraginkorrak omen dira. Liburutegi zein kultur etxeetatik jasotako eskaerari erreparatuz hala dirudiela esan dezakegu Galtzagorritik. Horregatik, otsailaren 20an eta 21ean, Josu Jimenez Maia izango dugu Donostian Galtzagorriko kideei teknika honi buruzko ikastaroa eskaintzen.

Donostiako Lugaritz Kultur Etxean emango du ikastaroa. Otsailaren 20an, ostiralean, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatean, otsailak 21, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Aurrez aurreko 7 ordu praktiko izango dira beraz. Baina horrez gain, izena ematen dutenek, nork bere kasa -Internet bidez- egin beharreko beste hiru orduko lana izango dute. Interneten blog bat izanen baitute partehartzaileek material osagarriak irakurtzeko, bideoak ikusteko, nola antzeztu behar den eta nola ez argitzeko aholkuak jasotzeko eta iritziak trukatzeko.


Helburuak eta parte-hartzaileak

Kamishibaiaren teknikari buruz ikastaroa antolatzerakoan, batez ere, ipuin kontalari, irakasle, ikasle, bibliotekari eta ipuin zaleengan pentsatu du Galtzagorrik. Batzuek euren lanean baliatu ahal izango dutelako; besteek, ipuin zaleek, teknika berri eta berezi bat ikasi ahal izango dutelako.

Dena den, Josu  Jimenez Maiak emango duen ikastaroak helburu hauek bete nahiko lituzke nagusiki:

1- Kamishibai zer den, nondik datorren, eta zertarako erabiltzen den azaltzea.
2- Kamishibai motak ezagutzea.
3-Euskaraz dauden kamishibai batzuk ikustea.
4-Kamishibai erabiltzen ikastea.

Irakaslea
Josu Jimenez Maia IKAJAko (International Kamishibai Asociation of Japan) kidea da. Ingeles irakasle ere bada. Egun, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko aholkularia da.

Parte-hartzaileak eta izen-ematea

Guztira 25 parte hartzaile onartuko dira ikastaroan, izen-emate ordenaren arabera.

Izena emateko  943471487 zenbakira deitu edo galtzagorri@galtzagorri.eus-ra idatzi behar da 2009ko otsailaren 10a baino lehen.

Matrikularen prezioari dagokionez,  Galtzagorriko bazkideek 30 euroren truk jaso dezakete ikastaroa; bazkide ez direnek berriz,  40 euroren truk.