Hemeroteka


Compartir
2014-01-12

Kalean dira "Haizea sahats artean" eta "Auskalo!"

Galtzagorri Elkarteak Klis-klasikoak liburu-sorta sortu zuen 2011n Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan eta abenduaren 2an aurkeztu ditu sail honetan 2013an argitaratu diren bi liburu berriak. Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean argitaratu dute Kenneth Grahamen Haizea sahats artean klasiko unibertsala. Pamielak, berriz, Xabier Olasoren Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloen liburu agortua berrargitaratu du Klis-klasikoen bilduman. Hortaz, klasiko unibertsal bat eta berrargitalpen bat dira liburu sorta honetako argitalpen berriak: Haizea sahats artean klasiko unibertsala eta Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak berrargitalpena.

Aurkezpeneko bideoa:

Klis-klasikoak liburu sortaren helburua haur eta gazteek autore klasiko unibertsalak nahiz euskal autore ezinbestekoak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten bermatzea da. Haur eta Gazte Literaturako obra kanonikoak euren eskura euskaraz jartzea. Modu honetan, curriculum literarioa euskaraz osatuz.

Haizea sahatsen artean 1908an argitaratu zuen estreinakoz Kenneth Grahame idazle eskoziarrak (1859-1932). Lau urteko semeari ahoz kontatzen zizkion istorioetan oinarritu zen haur eleberri hau ontzeko. Bankuko lanpostua utzi eta Tamesis ibaiaren ertzean hasi zuen bizimodu berria Grahamek eta egilea bezala, ibaiaren ertzean bizi dira eleberri honetako protagonistak ere: Satorra, Igaraba, Ur Arratoia eta Apoa. Grahamek izandako bizimodu garratzaren beste muturrean, animalien gizarte idealizatu eta zoriontsua eskaintzen du eleberriak, elkartasuna eta samurtasuna nagusi diren lagunartea. Poesiara hurbiltzen den estiloz idatzitako kontakizunean, lau lagunen abentura eta pasadizoak kontatzen ditu egileak, ibaiertzean egindako joan-etorriak eta eguneroko abenturatxoak eta Apoaren erokeria barregarriak. Gizakien antza eta haurren inozentzia dute animalia hauek eta beren xalotasunak egiten ditu hunkigarri. Liburuari darion xalotasun, poetikotasun eta hunkitzeko gaitasun horregatik irakurri da belaunaldiz belaunaldi joan den mende osoan zehar liburu hau, herrialde anglosaxoietan batez ere. Estreinakoz argitaratu da orain euskaraz, Elena Odriozolaren ilustrazioek lagunduta eta Miren Arratibelen itzulpenean. Juan Kruz Igerabidek egin dio hitzaurrea eta Erein eta Igela argitaletxeek plazaratu.

Auskalo! 375 Igarkizunez eta 12 aho-korapiloz osatutako bilduma 2001ean argitaratu zuen lehenengoz Xabier Olasok (Otxandio, 1964). Euskal haur eta gazte literaturaren klasiko gaztea da Olasorena, baina bere gaztetasunean ibilbide oparoa egin duena. Agortutako liburua berrargitaratu da Klis-klasikoak bilduman, hitzekin jolasteko tresna aparta eskaintzen baitu. Jolasa, umorea eta plazer estetikoa erruz eskaintzen du liburuak, poesiaren mugan dauden testuen bidez. Igarkizunen tradizio luzea gaurkotuta eskaintzen du Olasok, baliabide ugari eta askotarikoak erabiliz: konparaketak, metaforak, hitz-jokoak, hoskidetasunak... Tradizio luzea gaurkotu ez ezik bertakotu ere egiten du liburuak: euskal tradizioko forma poetikoen musika eta oihartzunak sarri entzuten baitira testuotan. Hala, haur euskaldunei hizkuntzarekin jolasteko eta adimena zein mingaina zorrozteko gonbita egiten die Auskalo!-k. Jatorrizko edizioa bezala, oraingoa ere Agurtzane Villateren ilustrazioek lagunduta dator eta Pamiela argitaletxeak kaleratu du. Itziar Zubizarretaren hitzaurreak zabaltzen du edizio berri hau.

Klasikoen garrantzia

Italo Calvinok esana da klasikoak eragin berezia duten liburuak direla, memoria indibidual edo kolektiboaren tolesduretan lekua egiten dutenak. Haur euskaldunek Mendebaldeko ondare literario eta kultural hori euskaraz gozatu ahal izateko aukera izan dezaten sortu da, alde batetik, Klis-klasikoak egitasmoa.

Alabaina, batzuetan ez da denboran atzeregi eta espazioan urrunegi joan behar literatur lan gogoangarriak aurkitzeko eta hain zuzen horixe da Klis-klasikoak-en bigarren xedea: euskaraz sortutako haur eta gazte literaturako altxorrek osatzen duten tradizioa jaso eta modu duinean gaurko belaunaldiei eskaintzea, euskal haur eta gazte literaturaren ibilbidea modu erakargarrian aurkeztea eta azken hamarkadetan haur eta gazteentzako gure literaturak eman dituen alerik preziatuenei bigarren bizialdia ematea.

Helburu nagusi horiek gogoan izanda, liburutegi eta liburu dendetan ikusitako hainbat hutsune bete nahi dituzte Klis-klasikoek. Ez da, noski, euskarara haur eta gazte literaturako klasikoak ekartzeko lehen ahalegina hau. Gogoan izatekoak dira 70eko hamarkadatik aurrera, eta batez ere 80ko hamarkadan zehar, eskolaren euskalduntze azkarrak behartuta egin ziren lan klasikoen euskaratze eta egokitzapenak; 90eko hamarkadatik aurrera ere egin izan diren ahalegin solte eta isolatuagoak, gehienetan jarraikortasun handirik gabe. Alabaina, edizio haietako gehienak eskuraezinak dira gaur egun; beste hainbat edizio originalen itzulpenak barik testu egokituen itzulpenak ziren; itzulpen ereduak eta moldeak ere aldatuak dira; hainbat erreferentzia ezinbesteko, aldiz, sekula ez dira osorik euskaratu.

Hala, irakurle gaztetxoentzako literatur eskaintzan klasikoen esparruan antzematen diren gabezia nagusienak, falta ditugun erreferenteak bilatzea izan zen Galtzagorriren lehen zereginetakoa 2011n Klis-klasikoak liburu sortaren proiektua abiatzean, eta ahal den neurrian hutsune horiek duin betetzea izan du eta izango du xede aurrerantzean.

Adituen eskua Liburu hauen hautaketa eta prestaketa lanetan Haur eta Gazte Literaturako profesional ezberdinek osatzen duten batzorde bat aritu da. Asun Agiriano bibliotekariak, Ibon Egaña literatur kritikari eta unibertsitateko irakasleak, Dani Maiz eta Aitziber Alonso ilustratzaileak, Inazio Mujika argitaldariak, Itziar Zubizarreta idazle eta irakurzaletasuna sustatzen adituak eta Patxi Zubizarreta idazleak hartu dute parte hain zuen ere aipatu batzordean. Liburu guztien diseinu-zuzendaritza, berriz, Antton Olariaga eta Elena Odriozolaren esku geratu da. Eta lan honetarako Concetta Probanza ilustratzailearen kolaborazioa ere izan dute. Liburu guztien zuzenketa lanak berriz, Mitxel Muruak gauzatu ditu.