Hemeroteka


Compartir
2020-12-24

Kalean da Behinola aldizkariaren ale berria

Galtzagorri Elkarteak argitaratzen duen Behinola aldizkariaren 42. alea kalean da. Sortzaile eta aditu askok parte hartu du, eta aldizkaria bera dotore dator irudi aldetik ere. Ez galdu!

Azala, kontrazala, hitzaurrearekin batera doan zenbakia eta Sormenez ataleko ilustrazioak Irrimarrakoek egin dituzte. Sormenezeko ipuina Arrate Egañak idatzi du. Abenduko aleak liburu objektuak hartu ditu hizpide. Elena Rodríguez, Elena Detalleres, elkarrizketatu dugu. Detalleresek liburu objektuak erabiltzen ditu bere tailerretan, bitartekaria da, eta hari egindako bisitaren kronika ekarri dugu aldizkarira. Kronika horretan liburu-erreferetzia asko dago, baita azalpenak eta Detalleresen ibilbidearen berri ere. Mikel Ayerbek Elena Odriozola sortzailearekin liburu objektuez izandako solasaldia ekarri du aldizkarira eta Lorena Martínez Oronozek liburuoi buruzko artikulua idatzi du. 

Lau Eskutara atalean ahozko tradizioko ipuin bat oinarri duen mahai-jokoa aletu du Karla Fernández de Gamboak eta Xabier Landabidea Atopia RPG euskarazko rol-jokoari buruz aritu zaigu. 24 liburu-iruzkin egin dituzte aldizkariaren erredakzio batzordeko kideek, baita gonbidatu dituzten hainbat lagunek ere. Berritasun gisa, eta aldizkariaren gaiari lotuz, liburu objektuen iruzkinak  ere ekarri ditugu. 

Ibon Egañak bere liburu kuttunetako bati buruz idatzi du eta ANTI liburu-dendako Javier Nevadok Zirimiria, liburu-dendaren zigiluak argitaratutako obra, aurkeztu digu. Yolanda Mosquerak bi orrialdetara egindako denbora-pasa zoragarriarekin itxi dugu Behinola 42a.

Behinolako harpidedunek berehala izango dute etxean zenbaki berri honetaz gozatzeko aukera. Harpide egin nahi dutenek, Galtzagorri   elkartearen  webgunearen bidez egin dezakete. Behinolaren harpidetza kuota 20 eurokoa da eta, urtean, Haur eta Gazte Literatura aldizkariaren bi zenbaki plazaratzen ditu Galtzagorri elkarteak.