Hemeroteka


Compartir
2014-08-11

Kalean da Behinola 29

Dagoeneko kalean da Behinola aldizkariaren 2014ko lehena, 29. zenbakia. Orain artekoak bezala, hau ere Haur eta Gazte Literaturari buruzko eduki interesgarriz betea eta gaian aditu diren kolaboratzaile nahiz egileen ekarpenez josia. Aldizkaria etxean jasoko dute Galtzagorri Elkarteko bazkideek eta Behinola aldizkariaren harpideek. Gainerakoek liburu-dendetan izango duzue laster. Berria argitaratzearekin batera, ohi bezala, aurreko zenbakia osorik ISSU plataforman irakurtzeko aukera duzue hemen

Izen hauek aurkituko dituzu, besteak beste, zenbaki honetan: Ainara Azpiazu, Asun Agiriano, Gaston Majarenas (azala-kontrazala eta Sormenez atala), Igor Leturia, Gotzone Butron, Mikel Ayerbe, Mikel Begoña, Mikel Insausti eta Oltaz Osa.

Zenbaki honetako gai nagusia mahai-inguru baten bueltan landu dugu Antton Olariaga, Juan Luis Landa eta Idoia Gonzalezekin: haurrentzako euskarazko komiki-aldizkaria, Ipurbeltz. Mahai-inguruan bildutakoen osagarri dira Igor Leturia eta Mikel Begoña komikizale eta adituek idatzitako artikulu interesgarriak ere.

Ainara Azpiazu "Axpi" ilustratzaileak Haur eta Gazte Liburuaren Boloniako Azokako kronika ilustratua idatzi digu eta Olatz Osa editoreak ere eman digu azokaren bere ikuspegia.

Horrez gain, Esperientziaren atalean Abusun irakurzaletasuna sustatzeko ekimanaren berri eman digu Gotzone Butron liburuzainak.

Asun Agiriano Haur eta Gazte Literarura adituak eta Mikel Insausti zinema adituak Ernest et Celestine liburua eta filma izan dituzte aztergai Lau eskutara atalean. Mikel Ayerbe literatura adituak, berriz, sendakmaniaz dihardu Maurice Sendak-en Gaueko sukaldean iruzkintzean.

Behinola honen azala eta kontrazala, eta Sormenez ataleko komikia, Gaston Majarenas ilustratzaile eta komigilearenak dira; Ipurbeltz aldizkariaren sorreratiik amaieraraino komikigintzan jardun duen egile donostiarrarenak.

Gogoan izan, aldizkaria etxean jaso nahi baduzu harpidetza egin beharko duzula Galtzagorri Elkarteko bazkidetza egin beharko duzula. Bestela, liburu-dendetan izango da laster salgai.