Hemeroteka

2019-01-21

Jone Oiartzun eta Jon Martinez gailendu dira Booktuberboom lehiaketaren II. edizioan

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak, Gaztea Irratiak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak elkarlanean sortutako egitasmoa da BOOKTUBERBOOM. EAEko 14-18 urte bitarteko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuz jaio zen 2017an, eta 2018ko ekainetik abendura gauzatu da honen II. Edizioa. Egitasmo honen baitan antolatzen den Booktuber Lehiaketaren irabazlea zein den erabaki du dagoeneko epaimahaiak: Jone Oiartzun andoaindarra. Publikoaren saria Jon Martinez eibartarrak irabazi du, iazko lehiaketaren irabazle izan zenak.

EAEko gaztetxoen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko, mundu mailan sekulako arrakasta izan duen BOOKTUBE fenomenoa baliatzeko egitasmoa da BOOKTUBERBOOM. Honen helburua EAEko BOOKTUBER PLATAFORMA sortzea da, EUSKAL BOOKTUBER KOMUNITATEAren lehen hazia landatzen hastea. Egitasmoaren baitan, euskarazko booktuber komunitate bat sortzeko akuilu gisa, EAEko II. BOOKTUBER LEHIAKETA antolatu da aurten ere.

Bi sari izan dira jokoan, publikoaren saria eta epaimahaiarena. Orotara 21 booktube jaso ditugu eta horietatik zazpik publiko egin dute haien lana. Publikoaren saria irabazteko lehian 7 parte hartzaile izan ditugu. Publiko zabalak booktube gustukoena bozkatzeko 2 asteko epea izan du eta 181 bozkari esker Jon Martinez eibartarra izan da irabazlea. Cornelia Funkeren "Tinta bihotz" liburuari buruzko booktubearekin irabazi du Martinezek. Jon bigarren aldiz izan da saritua, izan ere, 2017an egindako Booktuberboomeko lehenengo edizioan epaimahaiaren saria irabazi baitzuen.

Epaimahaiaren sariari dagokionez, sariduna Jone Oiartzun andoaindarra izan da. Bernardo Atxagaren "Sara izeneko gizona" liburuaren booktubea aurkeztu du Jonek eta epaimahaiaren ustez “Oso booktubianoa da, booktube klasikoa. Liburuaz azalpen egokiak ematen ditu eta egileaz pare bat zertzelada. Naturaltasunez eta modu aktibo/erakargarri batean grabatu du”. Andoaindarrarekin batera Jon Martinez (Eibar) eta Ariane, Nahia eta Malenek (Markina-Xemein) osatutako taldea izan dira finalisten artean eta epaimahaiak naturaltasuna, azalpenen argitasuna eta originaltasuna azpimarratu ditu, besteak beste.

Aurtengo edizioan Lore Agirrezabal, Tolosako Haur Liburutegiko liburuzaina eta Booktuberboom proiektuaren koordinatzaile ohiak eta Egoitz Txurruka, Gaztea Irratiko esatari eta 2positive saioaren gidariak osatu dute epaimahaia.

9 booktuber kedada eta 300 gazte

Aurtengo edizioan EAEko herri ezberdinetan antolatu ditugun 9 kedadei esker Booktube fenomenoa geroz eta ezagunagoa da euskal gazteen artean eta emaitzetan nabaritu da. Ekainetik hona 300 gazte inguru gerturatu dira Gernika, Agurain, Hernani, Oñati, Zarautz, Hondarribi, Abusu, Markina-Xemein eta Oiartzungo liburutegi eta gaztelekuetan Galtzagorri elkarteak antolatu dituen booktuber kedada edo juntaizoetara.