Hemeroteka


Compartir
2014-12-25

Jon Zabaleta ilustratzaileari emango diote aurten Dabilen Elea saria

Jon Zabaleta Larburu (Hernani, 1950) ilustratzaileak jasoko du aurten Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian banatzen den Dabilen Elea saria. Bost elkartek antolatzen dute Euskal Liburuaren Gaua: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile,Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea. Zazpigarren edizioa du aurten, eta bigarrenez saritu dute ilustratzaile baten lana.

Euskal Liburuaren Gaua ekitaldia abenduaren 18an egingo da, 19:30tan, Victoria Eugenia Club aretoan.

Aurtengoa Zazpigarren edizioa izango da, eta aurrez beste hainbat izen ezagun saritu dituzte, hala nola, Antton Olariaga, Joan Mari Torrealdai, Itxaropena argitaletxea, Mariasun Landa, Joxe Azurmendi eta Xabier Olarrak. Azken honek emango dio saria Zabaletari, hain zuzen ere, Olariagak beren-beregi egindako garaikur bat.

Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia. Hiru zati nagusi izango ditu:

1) euskal liburugintzan egiten den lanaren aitortza,

2) sarituaren ibilbideari errekonozimendua,

3) kopatxoa. Ekitaldia irekia da, eta interesa duen oro hurbil daiteke.

Gonbidapenak Victoria Eugenian bertan jaso ahal izango dira, abenduaren 18an, arratsaldeko 5etatik aurrera.

Elkarlanaren garrantzia

Prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, bost elkarte hauen arteko elkarlana garrantzitsua da, euskarazko liburuen argitalpen eta sorkuntzan zerikusia duten eragileak biltzen dituztela, euskal liburuen kate moduko bat osatuz. Euskal Liburuaren Gauari ere beharrezko iritzi diote, euskaraz egiten dena agerikoago bilakatzeko bidean, egon badagoen aniztasunaren berri zabalago emateko bidean. Halaber, euskaraz irakurtzea eta gozatzea eguneroko egitekoa izan arren, azpimarratu dute komeni dela egun jakin batean denak bildu eta ospatzea.

Jon Zabaleta Larburu

Ibilbide luzea du egina Jon Zabaleta ilustratzaileak. Hernanin jaio zen 1950ean, delineante ikasketak egin zituen, eta arte grafikoko lanetan aritu ondoren, Debako Arte Eskola Esperimentalean osatu zuen bere formazio grafikoa. 1973an hasi zen, eta, ordutik, 100dik gora liburu jantzi ditu. Haur Literaturarekin lotura estua izan du beti eta Galtzagorri Elkarteko bazkide eta kolaboratzaile ere bada. Baina, Haur Literaturan ez ezik komikigintzan, zinema esperimentalean eta mimo-ikuskizunetan ere lanean jardundakoa da. Hainbat aldizkarirekin ere kolaboratu du, besteak beste, tira grafikoak eginez. Diskoetako azalak ere erruz sortu ditu. Merezitako errekonozimendua beraz, eta pozgarria antolatzaileentzat.

Bestalde, aipatzekoa da, Zabaletaren lanaz gozatzeko aukera izango dela laster Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin batera sortutako Ilustratzailearen Txokoan; izan ere, abenduaren 17tik martxoaren 22ra bere lanaren erakusketa ikusgai egongo da Aieteko Kultur Etxean paratutako txokoan.