Hemeroteka


Compartir
2015-01-10

Jon Zabaleta ilustratzaile sarituaren lana Aiete Kultur Etxean dago ikusgai

Abenduaren 18an, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian omenaldi beroa jaso zuen Jon Zabaleta Larburu ilustratzaile hernaniarrak. Dabilen Elea saria jaso zuen EIZIEk, EIEk, EEEk, Galtzagorrik eta APIE-EIEP. Antton Olariagak beren-beregi egindako garaikurra jaso zuen Zabaletak iazko sarituaren, Xabier Olarra itzultzailearen eskutik. Ordubete pasako galan, omenduaren hainbat lagunek hartu zuten hitza, besteak beste, Ainara Azpiazu Axpik, Miel Anjel Elustondok, Enkarni Genuak eta Bernardo Atxagak. Bada, egun hauetan hainbeste goraipatu den Zabaletaren lana ikusteko aukera paregabea eskaintzen du orain Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoak. Abenduaren 17tik martxoaren 22ra izango da ikusgai.

Dabile Elea saria, ibilbide oso bati

Zazpigarrenez egin da aurten Euskal Liburuaren Gaua. Idoia Noble itzultzaileak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Zabaletaren adiskideak ere ez ziren falta izan. Jexux Mari Mujika EEEko zuzendariak poza agertu zuen, eta nabarmendu zuen euskal kulturaren industriaren alde bost elkarteek egiten duten lana.

Lehen-lehenik, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak hartu zuen hitza, eta esker onezko hitzak baino ez zituen izan Jonentzat. Hernaniko Errapia kolektiboan ezagutu zuten bi artistek elkar, eta, Azpiazurentzat oso garrantzitsua izan da bizipen hura, Zabaleta ikusarazi baitzion posible zela marrazkilari gisa eguneroko ogia ateratzea, eta horrek asko animatu baitzuen berak ere bideari ekiteko orduan. Azpiazuren hitzetan, Jonek bere amets propioak betetzeko bidean, aukera eman zion Axpiri ere berak betetzeko.

Fernando Morillo editore eta idazleak bideo bitartez helarazi zuen bere ekarpena, eta eskerrak eman zizkion Zabaletari, erakusteagatik posible dela artearen langintzan jardutea, eta bizirik jarraitzea.

Lagun arteko omenaldi beroa

Giro goxoan igaro zen ekitaldia. Izan ere, Zabaletaren familia eta lagunak, bere ibilbide profesionalean gertu izan dituen gehienak han baitziren. Miel Anjel Elustondok ere hartu zuen hitza. Berak genealogia apur bat egin zuen, Zabaletaren lana nondik nora hasi zen ezagutzen. Lehenik eta behin Egin egunkariko tiretan... ondoren liburuetan... Azkenik, Durangoko Azoka batean ezagutu zuten elkar, eta ordutik sendotzen joan zen harremana. Zabaletaren etxea eta senideak hartu zituen ondoren ahotan. 

Encarni Genuak espontaneoki hartu zuen hitza, mezu eder bat helarazteko. Bi liburu prestatu zituzten biek elkarlanean, eta Genuaren esanetan, bi-biek bizirik segitzen dute oholtzaren gainean. Antzezten dituenean, Zabaletaren marrazkiek indarra ematen diote Genuari.

Irudiekin lan egiten duen baten omenaldian dena ezin baitzen izan berba, Peter Roberts mimoak ikuskizun labur bat eskaini zuen hitza hartze baten eta bestearen arteko tartean.

Azkenaurren, Bernardo Atxagak testu eder eta poetiko bat eskaini zion Zabaleta lagunari. Van Gogh margolariaren leiendatik abiatuta, gaztetan belarriekin egiten zuten txantxa bat ekarri zuen gogora, oraindik ere egiten dutena. Atxagak oroitu zuen Zabaletan barne-sua, argi garbia ematen zuena, errealitateak labezomorro beltzak baino botatzen ez zituenean. Gainera, azpimarratu zuen urte luzetako lan eskerga izan dela Zabaletarena, ausardiaz, duintasunez eta aske egina, inguruan jende zekena egokitu bazaio ere sarritan.

Amaitzeko, Xabier Olarra itzultzaileak, aurreko urteko sarituak, garaikurra eman zion Zabaletari.

Orain Ilustratzailearen Txokoan

Hemendik aurrera, martxoaren 22a arte, Zabaletaren lana ezagutzeko parada izango da Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin elkarlanean sortutako egitasmo honetan, gainera, Zabaletari egindako elkarrizketa baten grabazioa ere ikus daiteke.

Hemen ikus dezakezuen hau bera:

Jon Zabaleta: elkarrizketa / entrevista from Donostia Kultura on Vimeo.