Irailaren 10era arte Ivan Mata ilustratzailearen lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.
1979an jaio zen Donostian. Irungo Kunsthal Arte eta Lanbide Eskolan eta Bartzelonako Llotjan ikasi zuen. 2003tik prentsarako eta Haur Literaturako liburuetarako ilustratzaile bezala lan egiten du. Egun, Sineun (Palma Mallorcakoa) bizi da.
Aldizkari zein egunkari ugaritan kolaboratzen du karikaturak eginez eta kontakizun literarioak eta artikuluak ilustratuz. Besteak beste, honako agerkarietarako egin izan du lan: El Correo, El Diario Vasco, ABC, Periódico de Cataluña, La Vanguardia edo Prisa taldeko aldizkariak. Woody Allen, Pedro Almodóvar, Rosendo, El Drogas, Amy Winehouse, Neruda, Stephen King edota Camilo José Celaren irrimarrak egin ditu, besteak beste.
Haur eta Gazte Literaturako hainbat libururen ilustratzailea izateaz gain (hala nola, Elkar, Anaya, Edelvives edo Disset argitaletxeetan), orain hamar bat urte bere ipuinak idazteari ekin zion eta zortzitik gora argitaratu ditu dagoeneko. Hainbat hizkuntzetan argitaratuak izan dira bere lanak, euskaraz, gazteleraz, katalanez eta italieraz, besteak beste. Horien artean, nabarmendu ditzakegu 2020an Alberdania argitaletxean argitaratu zuen aldaketa klimatikoari buruzko “Aldaketa” liburua, baita “Tal como eres” (Disset, 2019), norbera den bezalakoa onartzeari buruz mintzo den albuma ere.
2022an Nordica Libros argitaletxeak plazaratu zuen “Caricaturistas de profesión” liburuan parte hartu zuen. Liburu honek Espainiako Estatuan idatzizko komunikabideetan lan egiten duten hamaika karikaturagile onenetakoen lanak e ta ibilbideak biltzen ditu. Horien artean dago Ivan Mata. Bestalde, Matak “Karikaturak” liburua (Ediciones Za-Pato) plazaratu zuen 2020an, non azken hogei urteetan zehar egindako karikatura esanguratsuenak bildu zituen. Besteak beste, Bin Laden hil zuteneko ABC egunkariko azaleko karikatura ageri da atzera begirako liburu honetan.
Karikaturagile lanarengatik, hain zuzen, hainbat sari eskuratu du. 2021ean, prentsako ilustrazioan garrantzitsuena den World Press Cartoon sariketako 3. saria irabazi zuen. 2022an, Caratingako (Brasil) Nazioarteko Umore Azokan lehen saria jaso zuen Karikatura alorrean, Angela Merkelen karikaturarengatik.