Hemeroteka


Compartir
2014-05-04

Itziar Zubizarreta elkarrizketatu dute Hazi Hezi aldizkarian

Hik Hasi egitasmoak argitaratzen duen Hazi Hezi aldizkariak Itziar Zubizarreta Haur eta Gazte Literatura aditua elkarrizketatu du kaleratu berri den 8. zenbakian. Bertan, haurraren lehen urteetan literaturak duen garrantziaz dihardu Galtzagorri Elkarteko lankideak.

Ibilbide luze eta oparoa egin du Zubizarretak Haur Literaturaren munduan. Bera da, hain zuzen, Galtzagorri Elkartearen Bularretik Mintzora egitasmoaren sortzaile eta arduradunetako bat.

Zubizarretaren hitzetan, "esperantza ematen digute ipuinek. Berez gainditu ezin ditugun gauzak aurkeztean, esperantza ematen digute ipuinek".

Horregatik dira hain baliagarriak gai jakin bati buruzko irakurketa gidak. Galtzagorri Elkarteak web gune honetako Dokumentazio gunean bildu ditu asko eta asko. Gai jakin bati buruzko irakurgai onak nahi izanez gero, agian, bertan aurkituko duzu Euskal Herriko Udal Liburutegiren batek osatutako gidaren bat.

Irakurgai edo ipuin onen beharraz ere badihardu Zubizarretak. Izan ere, bere iritziz, "edozerk ez du balio, liburu txarrek ez dute balio".

Ipuinaren garrantziaz galdetuta honakoa dio Zubizarretak: "Pertsonaren barne munduaren proiekzio bat da ipuina, pertsonaren antsiak, esperantzak, beldurrak eta abar biltzen baitutu modu sinboliko batean". 

Hala ere, ipuinetan ez dugula botikarik aurkituko dio: "Ipuin onek aukera ematen digute gai bati buruz haurrarekin hitz egiteko. Ez dugu ipuin horretan botika magiko bat aurkituko, botika magikoa izango da gurasoek, irakasleek, helduek aitzakia bat aurkitzea gai bati buruz hitz egiteko".

Hori eta askoz gehiago bildu du Hazi Heziren 8. zenbakiak.