Hemeroteka


Compartir
2014-11-16

Itsaspeko Bihotzak, literatur areto berria sortu du Galtzagorri Elkarteak

Azaroaren 1ean ireki ditu bere ateak lehen aldiz Arrasateko Bibliotekan Itsaspeko Bihotzak Galtzagorri Elkartearen areto literario berriak. Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta. Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik. Aretoak Arrasaten egingo du lehen geldialdia, eta ondoren, Hernani eta Donostiara bidaiatuko du 2014an. 2015ean EAEko hainbat herritan barrena mugituko da.

Galtzagorri Elkartean haur eta gazte literaturarekin lanean dihardugu egunero. Material asko pasatzen da gure eskuetatik egunerokotasunean eta aspaldi kezkaturik gaude haur zein gazte literaturan ageri diren neska eta mutilen estereotipoekin.

Horregatik Galtzagorri Elkarteak genero berdintasunaren gaiari heldu nahi izan dio Itsaspeko bihotzak areto berri hau sortzerakoan.

Aretoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker sortu da. Baina sortzeaz gain, areto hau ahalik eta haur gehienengana hedatzeko xedez sortua da, eta hala, lehen ibilbidea Arrasaten hasi, Hernanitik pasa eta Donostiaraino egingo du. Horretarako, Arrasateko Udalaren, Hernaniko Udalaren eta Donostia 2016ren laguntza eskuratu duelarik Galtzagorri Elkarteak.

Ibilbide pedagogiko-artistikoa

Leku horietako bakoitzean saio gidatuak eskainiko dira 8-11 urte bitarteko haurrentzat. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskainiko dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izango dira eta arratsaldez aretoa zabalik egongo da honen ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.

Itsaspeko bihotzak aretoan gauzatuko den Ibilbide didaktikoa, itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan oinarrituko da. Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez egi bihurtuko da. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bitartez lortuko da helburu hau eta txoko bakoitzean, modu desberdinean egingo da edukiaren lanketa hori: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez… Hala, besteak beste, Aitziber Alonsoren lanaz gain, Elena Odriozola eta Eider Eibarren ilustrazio lanak ere bilduko ditu Itsaspeko bihotzak aretoak.

Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan).