Hemeroteka


Compartir
0000-00-00

"Itsaspeko bihotzak" aretoa Galdakaon

Haur eta Gazte Literatura, hezkidetza eta genero berdintasuna uztartzen dituen Itsaspeko bihotzak areto literarioa Galdakon dago ikusgai martxoaren 27a arte. Goizez hainbat ikastetxeetako 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzako saio gidatuak egingo dira Miren Guilloren eskutik; genero berdintasuna eta hezkidetzan aditua eta aretoaren sortzaileetariko bat, Mireia Delgado eta Aitziber Alonsorekin batera.

Haur eta Gazte Literaturaren bidez, hezkidetza eta genero berdintasuna lantzen dituen areto hau Galtzagorri Elkarteak sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Eta tokian tokiko Udalen laguntzarekin ikusi ahal izango da hainbat herritan.

Oraingoz, Arrasaten, Hernanin, Donostian eta Oñatin izan da. Orain, martxoaren 16tik 27ra, Galdakaoko Udal Liburutegian izango da. 

Herri edo hiri bakoitzean, gutxienez, 10 saio gidatu eskaintzen dira, bertako ikastetxeetako 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak 8-11 urte bitarteko neska-mutilentzat dira. Gehienak goizez izaten dira. Arratsaldez, aretoa zabaltzeko aukera ere izaten da tokian tokiko liburutegiaren baliabideen arabera. Horrez gain, bereziki helduentzat prestatutako saioak ere antola daitezke, baita guraso/hezitzaile eta horien haurrentzako saioak ere.

Itsaspeko bihotzak aretoan ibilbide didaktiko bat osatzen da, itsaso batean kokaturik dauden bost guneak bisitatuz eta bertan proposatzen dena landuz. Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez egi bihurtuko da. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bitartez lortzen da helburu hori eta txoko bakoitzean, modu desberdinean lantzen da edukia: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez…

Hala, besteak beste, Aitziber Alonsoren lanaz gain, Elena Odriozola eta Eider Eibarren ilustrazio lanak ere biltzen ditu Itsaspeko bihotzak aretoak.

Hemen duzue aretoari buruzko xehetasun gehiago.

Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan).