Hemeroteka


Compartir
2014-12-14

"Itsaspeko bihotzak" aretoa Donostiara iritsi da

Haur eta Gazte Literatura, hezkidetza eta genero berdintasuna uztartzen dituen "Itsaspeko bihotzak" areto literarioa Donostian izango da ikusgai datozen bi asteetan. Goizez hainbat ikastetxeetako 8 eta 11 urte bitarteko nesk-amutilentzako saio gidatuak egingo dira. Arratsaldez, berriz, saio gidaturik gabe edonork ikusteko aukera izango du 17:00etatik 20:00etara.

Haur eta Gazte Literaturaren bidez, hezkidetza eta genero berdintasuna lantzen dituen areto hau Galtzagorri Elkarteak sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Eta tokian tokiko Udalen laguntzarekin ikusi ahal izango da hainbat herritan. Oraingoz, Arrasaten eta Hernanin izan da, eta abenduaren 12a arte Donostian izango da, Donostia 2016ren egoitzan.

Ibilbide pedagogiko-artistikoa

Leku horietako bakoitzean saio gidatuak eskainiko dira 8-11 urte bitarteko haurrentzat. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskainiko dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izango dira eta arratsaldez aretoa zabalik egongo da honen ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.

Itsaspeko bihotzak aretoan gauzatuko den Ibilbide didaktikoa, itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan oinarrituko da. Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez egi bihurtuko da. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bitartez lortuko da helburu hau eta txoko bakoitzean, modu desberdinean egingo da edukiaren lanketa hori: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez… Hala, besteak beste, Aitziber Alonsoren lanaz gain, Elena Odriozola eta Eider Eibarren ilustrazio lanak ere bilduko ditu Itsaspeko bihotzak aretoak.

Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan).