Hemeroteka


Compartir
2011-07-04

Irudigintzari buruzko ikastaro eta tailerrak

Uda honetarako ilustratzaileei zuzendutako edota ilustrazioari buruzko hainbat ikastaro antolatu dira. Besteak beste, Caja Vital Kutxako Gizarte Ekintzaren KREA Adierazpen Garaikidea proiektu kulturalak, nobela grafikoari buruzko ikastaroa eskainiko du ekainaren 22tik 24ra. Paco Roca (Komikiaren Sari Nazionala 2008) ilustratzaile valentziarrak emango du tailerra Aguraingo Arte eta Diseinuaren Goi Mailako Eskolan. Parte hartu nahi dutenak www.kreared.com web gunean eman beharko dute izena.

UEUk, berriz, Haur-literaturako irudien eragina Haur Hezkuntzan izeneko ikastaroa antolatu du aurtengo Udako Ikastaroen baitan. Baionan izango da uztailaren 4tik 6ra eta izena emateko epea ekainaren 26an amaituko da. Ikastaro horren helburua hezkuntzan irudiak duen garrantziaz jabetzea; bizipenak, ikerketak eta proposamenak baloratzea; eta hezitzaileek irudien informazioa nola bideratu dezaketen aztertzea da.

Bestalde, internet bidezko ikastaroak eskaintzen dituen Vision of Art egitasmoak, artista bisualei zuzendutako bi ikastaro antolatu ditu. Bata, paper-zorro edo portafolioak, nahiz web guneak egiten ikasteko tailerra izango da. Uztailaren 5ean hasi eta abuztuaren 9an amaituko dena. Bestea, berriz, proiektu artistikoen lanketari buruzko tailerra izango da. Hori uztailaren 6tik abuztuaren 9ra egingo da. Biak ala biak, on line izango dira eta gehienez 20 laguneko taldeei eskainiko zaizkie.