Joan den larunbatean, 35 bat lagun bildu ginen San Telmo Museoan haur literaturan aditua den Teresa Duranek eskainitako “Irudien garrantzia albumetan” formazio saioan. Aurkezpen gehiegirik ez zuen behar izan idazle, ilustratzaile, itzultzaile, diseinatzaile grafiko, irakasle eta ikertzaile katalanak.
Zenbait egun euritsuren ondoren lehenengo eguzki izpiak agertu ziren goiz berean, Duranek haur literaturarekiko duen pasioaz eta ezagutzaz blaitu zituen bertaratutakoak. Areto barruan ez zen eguzkia faltan sumatu, bertan sortu zen giro goxo bezain aberasgarri eta bizigarriak errez ordezkatu baitzuen.
Parte-hartzaile gehienak bitartekariak izan ziren (liburuzainak, kontalariak eta hezitzaile edo irakasleak), baina zenbait ikaslek eta ilustratzaile batek ere taldea biribildu zuten. Horietako bakoitzak bina album ekarri zituen, hizlariak eskatuta, aretoa irudiz, kolorez eta liburuz betez.
Irudi eta testuen arteko harremanari buruzko istorio txiki batetik abiatu zen Duran, bertaratutako guztien arreta bereganatuz.
“Irudia testuaren aurretik zegoen, irudia hasi zen istorioak testuaren aurretik kontatzen”
Biak grafismoak izanda ere, bien arteko loturak historian zehar urte luzez ahaztu edo gutxietsi izan direla azaldu zuen. Baieztapen horretatik abiatuta, pixkanaka bien arteko loturetara eta harremanetara hurbilduz joan zen. Albumaz edo “irudiari zuzendutako liburu zuriaz” pasioz aritu zen eta hori izan zen eguneko proposamen guztiak ehundu zituen hitza.
Haur liburu mota ezberdinak aurkeztu zizkigun, albumen alderdi ezkutuak argitara ekarri zituen, ilustratzailearen lanaz aritu zen baita hartzaile txikiez ere.
“Estamos tan llenos de normas que nos preocupa que los niños no entiendan las historias de un modo único. (…) Deberíamos saber conceder libertad. Dejar que piensen opciones posibles es estimular la creatividad y el avance de toda la humanidad”
Arratsaldean, teoria alde batera utzi eta saioak lantegi formatua hartu zuen. Bertaratutakoak mahaien inguruan taldeka jarri ziren ekarritako albumak ikusten, horiez hausnartzen eta ideiak partekatzen. Modu horretan, adibide erreal, anitz eta konkretuetatik aurretik azaldutako guztiak ulertzea eta albumen mundu zoragarri bezain zabalean sakontzea ahalbidetu zuen.
Ederra izan zen egindako bidea; erantzunak emateaz gain, ideia eta galdera berriak ere sorrarazi zituen. Eta ziurra dena da bertaratutakoek hemendik aurrera ikusitako irudi eta ilustrazioak ez dituztela berdin jasoko. Bideak begiradak aberastu zituen.