Hemeroteka


Compartir
2013-12-22

Iratxe Lopez de Muniain iruinarrak irabazi du Lazarillo Album Ilustratua Saria

Jakinarazi dituzte 2013ko Lazarillo Sariak. Manel Ballart Piqué (Tarragona, 1953) idazleak irabazi du aurtengo Literatur Sorkuntza saria  Cada gra de raïm lanarekin. Album Ilustratuaren saria Pablo Albok (Alacant, 1971) idatzi eta Iratxe Lopez de Muniainek (Iruñea, 1985) ilustratutako La mujer más alta del mundo albumarentzat izan da.

Izen handiko sari hau, haur eta gazte literaturako lehenengoa, 1958an deitu zuen lehen aldiz Instituto Nacional del Libro Español erakundeak, haur eta gazteentzat liburu onen sorkuntza sustatzeko helburuarekin. 1986tik OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) arduratzen da, Espainiako Kultura Ministerioarekin batera, urtero sari hau antolatzeaz bere bi modalitateetan: “Album Ilustratua” eta "Sorkuntza Literarioa". Sari bakoitzari dagokion kopurua 3.000 eurokoa da.

Lazarillo 2013 Album Ilustratua Saria

Abenduaren 12an erabaki zuen epaimahaiak. Ondokoek osatu zuten epaimahai hori OEPLIko kopresidente den Sara Moreno epaimahai buru zela: Antonio Seijas, Bernat Cormand, Leire Urbeltz eta Sally Cutting. Aurten 26 lan aurkeztu dituzte eta PABLO ALBO eta IRATXE LÓPEZ DE MUNÁIN izan dira irabazleak La mujer más alta del mundo lanarekin.

Aurkeztu duten liburuaren formatuak paper garrantzitsua bete du sariketan, izan ere, liburua bertikala da eta horren bidez eta goian-behean jolasa iradokitzen du orriak pasatzean. Hazten ari den heinean protagonistak leku gehiago hartzen du. Desberdintasuna eta identitate indibidualari buruzko istorioa da. Epaimahaikideen iritziz, konposizioek eta koloreek dinamismo handia ematen diote. Teknika freskoa darabilte eta horren bidez plano aldaketa dinamikoak ondo menperantu dituzte. Kolore gama koherentea, ikuspuntu desberdinak eta espazio zuriak baliabide narratibo moduan erabili izana ere azpimarratu du epaimahaiak.

Pablo Albo (Alicante, 1971) idazlea da eta 1994tik ahozko kontakizunetara zuzentzen du bere jarduna. 2002an kontalari moduan sortutako istorioak idaztera animatu zen. Harrez gero hogeita hamar liburu baino gehiago idatzi ditu haur eta gazteentzat, eta hainbat sari ere eskuratu ditu. Bere lanaren ardatza ipuinak eta album ilustratuak dira. 2008an Literatur Sorkuntzako Lazarillo Saria eskuratu zuen Diógenes lanarekin.

Iratxe Lopez de Muniain (Iruñea 1985), Arte Ederren ikasketak egin zituen Bartzelonan eta ilustrazioan ari da lanean, bere bi afizio biltzen baititu lan berean: literatura (bereziki ipuin laburrena) eta ilustrazioa. Ilustratzaile lanaz gain, irakasle ere aritzen da gaur egun. Espainiako nahiz beste herrialde batzuetako argitaletxeentzat egin du lan eta hainbat sari jaso ditu.

Lazarillo Sariak 2013 Literatur Sorkuntza

OEPLIko Sara Morenok zuzendutako epaimahaiak abenduaren 12an ebatzi zuen saria, honako epaimahaikideen botoen arabera: Imanol Mercero, Arantxa Bea, Francisco Castro eta Esther Madroñero. Guztira, 49 lan aurkeztu dira aurten. Horietako 29 narratiba sailekoak, 17 poesiakoak eta 3 antzerki lan. Horietatik 37 gaztelaniaz idatzitakoak izan dira, 5 katalanez, 4 galegoz eta 1 euskaraz.

Manel Ballart Piqué izan da irabazlea Cada gra de raïm lanarekin.

Manel Ballart Piqué (Tarragona, 1953), Filologia Katalanean lizentziatua eta Hizkuntza eta Literatura irakaslea da. Hiru lan argitaratu ditu: Un músic al jardí (Columna, 2001) Pere Calders saria eskuratu zuen; Manies a contrallum (Pagès Editors, 2003) Les Talúries Prosa Saria eskuratu zuen, eta Un riu d´espigues (Bromera, 2005), Novel•la Històrica Juvenil Far de Cullera Saria.

Saria eskuratu duen liburua hamabi narraziok osatzen dute. Hamabi atalak gertatzen diren eszenario bakoitza urteko hilabete bati dagokio. Protagonistak institutu bateko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira. Adiskidetasuna, eskola garaiko gora-beherak, maitasuna eta familia-gatazkak dira gai nagusiak. Kontakizun autonomoak diren arren, elkarri lotuta amaitzen dute.