IBBY (International Board on Books for Young People) nazioarteko erakundeak aurreko abuztuan Atenasen egindako bilkuran, haur eta gazte literaturaren gaineko adituen jakintza partekatzeaz, sortzeaz eta banatzeaz gain, sari berri bat sortzeko urratsak eman zituzten. Aurrerantzean, bi urtez behin, irakurzaletasunaren sustapenean jarduten duten norbanakoen, erakundeen edo gobernuen lana sarituko dute. Saria Shenzen iRead fundazioak eta IBBYk sortu dute elkarlanean eta irakurzaletasunaren sustapenaren zabalkundearekiko konpromisoa sarituko dute. Sari berria sortzeaz gain, IBBYren zuzendaritza ere berritu dute abuztuan Atenasen egindako bilkuran.
Haurrengan eta gaztetxoengan irakurzaletasunaren arra errotu eta hezkuntzaren eremuan haur guztien irakurtzeko eskubideari bultzada emango dioten ekimenak aintzat hartuko dituzte. IBBY-iRead sarirako izendatutako guztien artean bi aukeratuko dituzte eta lehenengo saria 2020an emango dute IBBYk Moskun (Errusia) egingo duen Biltzarrean.
Galtzagorri elkarteak izendapen proposamenak bidali ahalko ditu OEPLI-ren bitartez (Haur eta Gazte Literaturako Espainiako erakundea). IBBYtik bilatzen dituzten sarituen soslaia zein den azaldu dute: irakurzaletasunaren sustapenaren inguruan ikertzeko konpromisoa duten norbanakoak edo erakundeak, berrikuntzan lanean ari direnak eta, finean, haurrengan irakurketarekiko maitasuna lantzen dutenak. Burututako proiektuak zein estrategien sustapena eta haurrek irakurtzeko duten eskubidearen defentsan egindako lana baloratuko dute.
Bi sari emango dituzte 24.735 eurokoa bakoitza eta, gainera, irabazleek hautatutako haurren irakurzaletasuna hauspotzen duen irabazi asmorik gabeko proiektu bat 18.500 euro ingururekin lagunduko dute.
Zuzendaritza berria
IBBYren zuzendaritza berritu zuten Atenasen eta bere nazioartekotasunaren isla, mundu osoko adituak daude zuzendaritza berrian. Lehendakari berria Mingzhou Zhang txinatarra da eta 2020ko Hans Christian Andersen sariaren epaimahai burua Junko Yokota estatubatuarra izango da.