Hemeroteka

2020-01-28

Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak irakasleentzat egitasmoan parte hartzeko epea zabalik

Aurten ere, hirugarren aldiz, “IRAKURZALETASUNA SUSTATZEKO LANTEGIAK IRAKASLEENTZAT” egitasmoa martxan jarriko dugu. Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak 2018. urtean ekin zion proiektu honi. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker gauzatzen dugu eta irakasle eta ikastetxeei eskainia dago.

Proiektu honen helburua EAEko haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da. Eta horretarako irakasleak formatzea, irakurketaren bitartekari eraginkor izaten lagunduz.

Egitasmo honen baitan EAEko 65 eskolei aholkularitza eskainiko diegu 2020. urtean zehar. Saioak probintzia bakoitzak duen eskola kopuruaren arabera banatuko dira. Beraz, probintzia bakoitzeko aurreikusita ditugun saioak beteko dira lehendabizi. Era berean, saioen erdia DBHko irakasleentzat izatea aurreikusten dugu eta gainontzeko erdia HH eta LH-ko irakasleentzat.

Galtzagorri Elkarteko bi profesional arituko dira saio hauek eskaintzen: Intza Alkain, Gipuzkoan; Saroa Bikandi, Bizkaia eta Araban, gehienez ere bi ordu iraungo duten lantegi hauetan.

Bi saio mota desberdin eskainiko ditugu aurten:

Saio bat, lantegietan inoiz parte ez dutenentzat, honako edukiak landuko direlarik:

-Aholkulariak liburuak eramango ditu ikastetxera gurditxo batean.

-Liburu guztien gaiak, ildo nagusiak aurkeztuko dira.

-Horiek oinarri hartuz haur eta gazteekin landu daitezkeen dinamiken proposamenak egingo dira.

-Material bat banatuko da: gida bat banatuko zaio parte hartuko duen ikastetxe bakoitzari.

Bigarrengo saio bat, iaz edo orain bi urte parte hartu zutenentzat. Kasu honetan, lantegietako jarraipen saio bat eskainiko da:

-Aholkulariak liburuak eramango ditu ikastetxera gurditxo batean. Liburu guztien gaiak, ildo nagusiak aurkeztuko dira.

-Horiek oinarri hartuz haur eta gazteekin landu daitezkeen dinamiken proposamenak egingo dira, gehiago zentratuta liburuen hautaketa nola egin eta baloratu.

-Material bat banatuko da.

Saio guztiak eguerdian edo arratsaldez izango dira, eskola bakoitzari egokiena datorkion moduan eta eskolan bertan. Baita ere, herri bakoitzean, udal liburutegiko langileak gonbidatuko dira lantegietara: hala, Udal Liburutegien eta eskolen arteko sare lana ere indartu nahi genuke.

Gaur zabaldu dugu izen-emate epea, eta OTSAILAREN 14RA ARTE DAGO IREKIRIK. Izena emateko, sartu behean dagoen estekan eta eskatzen diren datuak bete behar dira:

ERRESERBA-FORMULARIOA