Haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko garaian, Galtzagorri Elkarteak bi irizpide nagusi baliatzen ditu beti bere egitasmoak diseinatzerakoan:
- Irakurketaren bitartekarien garrantzia batetik. Familiak, irakasleek, bibliotekariek, hezitzaileek… ezinbesteko funtzioa betetzen dute haur eta gazteak irakurketara zaletzerakoan. Hezkuntza zentroei dagokionez, irakasleen egungo egoerak ez du laguntzen: irakurketa sustatzeko formazioa falta zaie, euskarazko kalitatezko liburuen ezagutza, horiekin garatu ditzaketen estrategien informazioa, eskola liburutegiak (oraindik badauden zentroetan) dinamizatzeko denbora…
Eta esan dezagun egia: gaur egun irakasleek ez dute irakurtzeko astirik. Eta irakurtzen dutena, ordulariaren kontra irakurtzen dute, sarri beraien lanerako beharrezko dena besterik ez dute irakurtzen, eta beraz, ez dute irakurketaz gozatzen. Irakurketa betebehar bihurtzen zaie hala. Beraz, gerora, ikasleei transmititzen dietena ere horixe bera da: irakurtzea ez dela eskubide eta gozamen bat, betebehar bat baizik.
Bitartekari Sutsu horiek gabe, haurrak betebeharrarengatik irakurtzen jartzen ditugu sarri. Eta betebeharrarengatik eta plazeragatik irakurtzearen arteko aldeetako bat hauxe da, Constanza Mekiv-ek, IBBY-Txileko Lehendakariak dioenez: “Gogoz eta disfrutatuz irakurtzean askoz errazagoa dela irakurketak dakarzkien onura guztiak lortzea, besteak beste, ikasteko gaitasuna. Plazerak arreta sakon bat sortzen duelako, eta hala, irakurtzen duguna gure baitan geratzen da, adimena eta emozioa nahastuz. Hezkuntzaren bidez lortu nahi dugun eraldaketa sozialerako tresna eraginkorrenetako bat, beraz, gozamenez irakurtzea dela esan dezakegu: alegia, gure haur eta gazteak irakurzaletzea”.
- Euskarazko kalitatezko liburuak eskaintzea, bestetik. Irakurgai literario onak, kalitatezko liburuak haur eta gazteen esku jartzea ezinbestekoa da haurrak irakurketara zaletu nahi baditugu. Liburu on batek irakurle bat sor dezake; erdi-purdiko liburu batek nekez lortuko du helburu hori.
Gainera, kontuan hartu behar da gaur egun ugaritzen ari diren formatu ezberdinak: irakasleek ez dute nahikoa formazio Haur eta Gazte Literaturako genero eta formatu ugari horiek erabiltzeko. Baliabideak falta zaizkie. Nekez asmatzen dute album ilustratuekin, hitzik gabeko ipuinekin, komiki edo app-ekin landu daitezkeen dinamikak garatzen. Natibo digitalak diren belaunaldiekin egiten dute topo irakasleek, berehalakotasunera ohituta dauden eta entzuteko arreta mantentzeko gaitasuna galtzen ari diren haur eta gazteekin.
Aipatu arrazoi guzti horiengatik diseinatu dugu Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak irakasleentzat egitasmoa: hala, Galtzagorri Elkarteko profesionalak EAEko HH, LH eta DBHko hezkuntza zentroetara joango dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera.
Guztira 70 saio eskaintzea aurreikusten da EAE osoan: 35 Bizkaian; 21 Gipuzkoan eta 14 Araban. Probintzia bakoitzean saio erdiak HH eta LHko irakasleei eta beste erdiak DBHkoei eskaintzea aurreikusi da. Gurditxo batean 25 bat liburu eramango dituzte HH eta LHko eta 15 bat izenburu DBHko irakasleei erakusteko. Gehienak aurreko urtean EHGLan agitaratutako nobedade kalitatezkoenak. Baina tartean, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako klasiko batzuk ere erakutsiko dizkiete. Gehienez ere bi orduz luzatuko den urteroko saio bakar batean, liburu horiek erakutsi eta hauekin landu ditzaketen estrategiez mintzatuko zaizkie irakasleei. Araba eta Bizkaiko saioak Saroa Bikandik eskainiko ditu; eta Gipuzkoakoak Intza Alkainek.
Lantegi erabat praktikoak
Besteak beste, honakoak landuko dira eskoletan egingo diren lantegi hauetan:
- Aholkulariak liburuak eramango ditu ikastetxera gurditxo batean.
- Liburu guztien gaiak, ildo nagusiak aurkeztuko dira.
- Horiek oinarri hartuz haur eta gazteekin landu daitezkeen dinamiken proposamenak egingo dira.
- Material bat banatuko da: gida bat banatuko zaie parte hartuko duen ikastetxe bakoitzari.
Saio guztiak irakasleentzat izango dira. Eguerdian edo arratsaldez, beraiei egokiena datorkien moduan eta eskolan bertan. Baina herri bakoitzean, udal liburutegiko langileak ere gonbidatuko dira lantegietara: hala, Udal Liburutegi eta eskolen arteko sare lana ere indartu nahi genuke.
Izen-ematea ordenaren arabera
Izen emate epea datorren astelehenean, urtarrilak 15 zabalduko da. Orduan igorriko die Galtzagorri Elkarteak izen-emate orria EAEko ikastetxe guztiei. Otsailaren 5a arte egongo da zabalik eta izen-emate ordenaren arabera onartuko dira ikastetxeak.
Saioak berritzeguneetan
Eskolaz eskolako lantegi praktikoez gain, hiru lurraldeetako bakoitzean irakasleentzako formazio saio orokorrak eskainiko dira. Horretarako, hiru berritzegune aukeratuko dira.
Eskoletan lantegiak bideratzen dituzten profesionalek beraiek eskainiko dituzte. Baina irakurzaletasunaren inguruan informazioa eta prestakuntza orokorra emateko helburua duten formazio saioak izango dira.
Azken finean, irakasleei irakurzaletasunaren sustapenean dituzten gabeziak estaltzen laguntzera bideratuko da egitasmo hau. Lantegi hauen bidez, urtero euskaraz argitaratzen diren liburu onenak erakutsi eta horiekin landu ditzaketen dinamiken inguruko aholkuak irakasleei ematean, hauek motibatzen arituko gara, liburu horiek ikasleekin erabiltzera bultzatuko ditugu. Irakasleak motibatzean; haur eta gazteak motibatuko ditugu zeharka. Izan ere, motibatuak dauden irakasleek ikasle irakurzaleak sortzen dituzte. Motibatuta sentitzeko prestatua egon behar da ordea, eta baliabideak esku artean izan. Galtzagorri Elkarteko profesionalek baliabideak eskainiko dizkiete zeregin horretan aritzeko. Modu honetan, euskarazko irakurzaletasun publikoaren sustapenean zuzenean eragiten arituko gara.