Hemeroteka


Compartir
2018-07-20

“Irakurtzera bultzatzeko estrategiez” arituko dira Galtzagorriko Ibon Egaña eta Intza Alkain EHUko Udako Ikastaroetan

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen dituen Udako Ikastaroetan maiz aritzen dira Galtzagorriko kideak nor bere diziplinan; Galtzagorri elkarteak ikastaroak ere antolatu izan ditu beste kide batzuekin elkarlanean. Aurten, Galtzagorri elkarteari ikastaro batean zuzenean parte hartu dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hain zuzen, “Irakurtzera bultzatzeko estrategiak” hitzaldia egingo dute Galtzagorriko Ibon Egañak eta Intza Alkainek Irakurketa plana ikastetxean: irakurri ikasteko, irakurri gozatzeko ikastaroan. Ikastaroa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu eta zuzenduko du Bizkaiko Berritzegune Nagusiaren bitartez; Maria Victoria Apraiz eta Iratxe Renteria dira zuzendariak.

 

Hitzaldia Galtzagorrik irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzat abian duen lantegien programaren harira egingo dute Ibon Egaña Galtzagorriko zuzendaritzako kideak eta EHUko irakasleak eta Intza Alkainek lantegien gidariak Gipuzkoako ikastetxeetan. Mintzaldiaren lehenengo atalean, irakasleen prestakuntza literarioan eta bitartekari-lanetan zeresana duten faktoreak identifikatzeko ahalegina egingo dute. Bigarren atalean, Galtzagorrik eskoletan irakasleei eskaintzen dien prestakuntzaren lagin bat aurkeztuko dute.

 

Ikastaroa uztailaren 2tik 4ra egingo dute Donostiako Miramar jauregian. Ikastaroak, oro har, Euskadiko eskoletako Irakurketa Plana egiteko lagungarriak izan daitezkeen azalpen teorikoak eta ikuspegi praktikoak uztartzeko xedea du. Galtzagorriko adituez gain, parte hartuko dute: Gemma Lluch i Crespo (Universitat de Valencia), Saioa Larraza (EHU). Gema Lasarte (EHU), Irene Maria Gonzalez (Galdakao-Basauri Berritzegunea), Joseba Ibarra (Berritzegune Nagusia), Maria del Mar Perez (Berritzegune Nagusia), Maria Victoria Apraiz (Berritzegune Nagusia) eta Iratxe Renteria (Berritzegune Nagusia).

 

Informazio gehiago: https://www.uik.eus/eu/irakurketa-plana-ikastetxean-irakurri-ikasteko-irakurri-gozatzeko

 

Galtzagorriko kide gehiago Udako Ikastaroetan

 

Galtzagorri elkartearen hainbat kide nor bere kaxara arituko dira aurtengoan ere Udako Ikastaroetan literaturaz zein haur eta gazte literaturaz jarduten. Hala nola Manu Lopez Gasenik ekainaren 26tik 27ra izango den Identitatearen eraldaketa euskal literatura garaikidean ikastaroan parte hartuko du. Uztailaren 9tik 11ra Itziar Zubizarretak, Oihana Etxegibelek eta Juan Kruz Igerabidek Ipuingintza eta poesia tailerra (0-11 urte) eskainiko dute. Mariasun Landak Del deseo de escribir al relato literario ikastaroa egingo du abuztuaren 1etik 3ra. Paula Kasaresek Hizkuntzaren garapenaren alderdi soziolinguistikoak haurtzaroan. Ez-ohiko garapenaren eskuhartze eta baloraziorako pausoak ikastaroan parte hartuko du irailaren 28tik 29ra.

 

Informazio gehiago:

https://www.uik.eus/eu/identitatearen-eraldaketa-euskal-literatura-garaikidean

https://www.uik.eus/es/ipuingintza-eta-poesia-tailerra-0-11-urte-idatzitik-ahozkora-eta-ahozkotik-idatzira

https://www.uik.eus/eu/del-deseo-de-escribir-al-relato-literario

https://www.uik.eus/eu/aspectos-sociolinguisticos-del-desarrollo-del-lenguaje-en-la-infancia-pautas-de-valoracion-e