Hemeroteka


Compartir
2012-04-27

Irakurtzea funtsezkoa da

AEBetako Reading is Fundamental (RIF) Gobernuz Kanpoko Erakundeak Book People Unite egitasmoa jarri du martxan AEBetan haur behartsuek liburuak dohainik eskuratzen jarrai dezaten. Liburuek haurren irudimenean izan dezaketen eragina (trabak gainditzeko, jakin-mina sortu eta asetzeko) harrigarria dela diote ekimen honen bultzatzaileek eta liburuak haur guztiek eduki beharreko zerbait direla uste dute. Hori dela eta, irakurzale guztiak animatu nahi dituzte egitasmoan parte hartu eta irakurzaletasunaren aldeko mezua zabaltzera.

Egitasmoa ezagutzera emateko bideo klip bat sortu du The Roots rap taldeak, beste hainbat artistarekin elkarlanean: Jack Black, Chris Martin, John Legend, Regina Spektor, Jim James, Nate Ruess, Jason Schwartzman, Melanie Fiona, Carrie Brownstein eta Consequence. Bertan Pinotxo, Txano Gorritxo, Hiru Txerrikumeak eta haur literaturako beste hainbat pertsonaia agertzen dira.

Ekimenarekin bat egiten dutenei liburuek dituzten gaitasunak besteei helarazteko eskatzen die RIFek: "Liburuek mundu berriak zabaldu eta ate berriak irekitzen dituzte. Har ezazu Book People Uniten atxikipena eta esan zuk ere liburuek eraldatzeko duten gaitasunean sinisten duzula".

1966an sortu zen RIF erakundea. AEBtan alfabetizazioaren alde lan egiten duen irabazi asmorik gabeko erakunderik zahar eta handiena da. Bere helburu nagusia haurrak, familia eta komunitatea motibatzea da, eguneroko bizitzan irakurketa zerbait dibertigarria eta mesedegarria bihur dadin. RIFen lanari esker, 1966tik 35 milioi haurrek 400 milioi liburu jaso dituzte AEBtan. Book People Unite egitasmoaren bidez, gaur egun, herrialde horretan dauden 16 milioi haur behartsurengana iristeko irakurzaleen laguntza biltzea da RIFen helburua.

Bideoa ikusi nahi baduzu klikatu hemen: