Hemeroteka


Compartir
2016-04-12

Irakurleak Eraikitzen III. jardunaldiak egingo dira Bilbon

Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, apirilaren 5ean eta 6an III. Irakurleak Eraikitzen jardunaldiak egingo dira Bilboko Foru Liburutegian, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak antolatuta. Aurten “Balio ez-sexistak eraikitzea Haur eta Gazte Literaturan” goiburupean egingo dira eta, besteak beste, Galtzagorri Elkartearen "Itsaspeko Bihotzak" areto literarioa hizpide izango dute aretoaren sortzaile diren Miren Guillok eta Mireia Delgadok, "Itsaspeko bihotzak: urazpiko hausnarketak harilkatzen eta estereotipoak bihurritzen" izeneko hitzaldian. Galtzagorri Elkarteko kide diren Manu Lopez Gasenik, Asun Agirianok eta Patxi Zubizarretak ere hartuko dute parte jardunaldiotan.

Apirilaren 5ean 18:00etan hasiko dira jardunaldiak aurtengo Haur eta Gazte Liburuaren Egunerako Luciana Sardroni idazle brasildarrak IBBY Brasilen bidez prestatu duen testua irakurriz: "Behin batean".

Jarraian, 18:15ean, Miren Guillo eta Mireia Delgadoren hitzaldia hasiko da, eta, ondoren, 19:15ean, mahai-ingurua izango da Miriam Hebron eta Manu Lopez Gasenirekin: "Maitasun erromantikoa, printze urdinarengandik komedia erromantikora".

Apirilaren 6an, berriz, Patxi Zubizarreta idazleak "Literatur lan bat sortzeko irizpideak" izeneko hitzaldia emango du 18:15ean. Jarraian mahai-ingurua egingo da Asun Agirianorekin, Josune Muñozekin eta Arrate Egañarekin: "Deskodetuz, balioak, arketipoak , ereduak, rolak" gaiaren inguruan.

Horrez gain, bi egun horietan honako ilustratzaile hauen lanak izango dira ikusgai: Amaia Ballesteros, Higinia Garay, Nuria Hernandez, Estibaliz Jalon, Javi Kintana, Dani Maiz, Beñat Olea eta Alex Orbe.

Oharra: Foru Liburutegian sartzeko NANa, pasaportea edo Liburutegiko Txartela aurkeztu beharko da.