Hemeroteka


Compartir
2014-07-11

Irakurketa sustatzeko eserlekuak

Londresen (Ingalaterra) irakurketa sustatzeko ekimen berri bat jarri dute martxan National Literary Trust eta Wild in Art erakundeek: "Books about town". Liburu irekien itxurako eserlekuak jarri dituzte hiriko hainbat lekutan. Liburu-eserleku bakoitza Erresuma Batuko idazle baten lanari buruzkoa da eta obra horri buruzko ilustrazioz hornituta dago. Guztira 50 eserleku jarri dituzte. Ondoren, uda amaieran, enkantean jarriko dira eta bildutako dirua haur eta gazteen artean irakurketa sustatzeko ekimenetara bideratuko da.

Eserleku horien artean dira, besteak beste, David McKee-ren Elmer elefanteari buruzkoa (euskaraz Klis-klasikoak bilduman argitaratutako klasiko unibertsala); Virginia Woolf-en Mrs Dalloway; J.M. Barrie-ren Peter Pan liburuari buruzkoa; Rudyard Kipling-en The Jungle book liburuarena eta Kenneth Grahamen The wind in the willows liburuarena (Haizea sahats artean Klis-klasikoak bilduman euskaraz argitaratutako klasiko unibertsala).

Eserleku bakoitza non dagoen jakiteko mapak eta ibilbideak ere eskaintzen ditu ekimen horri buruzko web guneak.