Hemeroteka


Compartir
2009-01-12

Irakurketa Plan eta Politika Nazionalen Web gunea sortu du CERLALCek

www.cerlalc.org/redplanes/ helbidean aurki daiteke REDPLANES izeneko proiektuaren web gunea. Proiektu honek gizarte alfabetatuak kontsolidatzeko politika eta programak diseinatu eta garatzeko ardura duten funtzionario eta kudeatzaileei laguntza emateko helburua du. CERLALC Eskualde Zentroak garatu du eta oso tresna interesgarria izan daiteke Irakurketa Sustatzeko Planak diseinatzeko eta martxan jartzeko garaian. Izan ere, bertan, munduan zehar garatzen ari diren Planen berri aurkituko dugu, besteak beste.

Zer eskaintzen du REDPLANESek?

Besteak beste, honakoak dira aipatu web orrian aurkitu ahal diren zerbitzuak:

.Irakurketa eta idazketa sustatzeko politika publikoak burutzerakoan kontuan hartu beharreko 10 lehentasun ezarri dituzte.

.Lehentasun horiekiko Latinoamerikan, Kariben, Espainian eta Portugalen garatzen ari denaren berri ere ematen dute. Lehentasun bakoitzak Datu Interesgarriak izeneko atal bat biltzen du, non lehentasunak praktikara eramateko adibide zehatzak azaltzen diren.

.Lurralde  bakoitzean burutzen diren Irakurketa Plan Nazionalei buruzko informazio zehatza zintzilikatu dute.

.Irakurketa sustatzeko politikak eta programak aberastu, sostengatu eta kokatzeko baliagarriak diren baliabide sorta bat prestatu dute: ikerketa eta estudioak, testu akademikoak eta interesgarriak diren beste web gune batzuetarako loturak.



Gune honen arduradunek iritziak, proposamenak eta informazioa jasotzeko ateak zabalik dituzte, izan ere, pixkanaka aberasten joan nahiko lueketen proiektua da hau. Web gunean bertan badago proiektuaren arduradunekin harremanetan jartzeko modua.