Hemeroteka


Compartir
2012-04-28

Irakurketa gizartearen kultura eta hezkuntza lehentasun izango da

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak urtebete baino gehiagoko lanaren ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Irakurketa Plana idatzi du, Hezkuntza, Industria, Justizia eta Herri Administrazio Sailen laguntzarekin, eta kultura eragile batzuekin batera, hala nola, liburu-saltzaileak, editoreak, prentsa espezializatua, etab.

Plana eleanitza, multimodala eta multimediala izango da; edozein hizkuntzarako balioko du eta edizio digitalen eta aldaketen garaia aintzat hartuta egin da. Halaber, irakurketa aisialdiko jarduera baino ez dela dioen ideia alde batera utzi nahi du planak, ikasteko tresna ere badela azpimarratuz.

Lau helburu nagusi ditu: irakurketa eta idazketa konpetentziak hobetzea, irakurketa indizeak eta irismen aukerak ugaritzea, eta irakurketa gizarteko hezkuntza eta kultura lehentasunen artean kokatzea.

Eusko Jaurlaritzak Germán Sánchez Ruipérez Fundazioaren aholkularitza izan du dokumentua egiteko. Bertan, irakurketa XXI. mendean Euskadin lana eta aberastasuna sortzeko bitartekorik onena dela adierazteaz gain, adimenari probetxu ateratzeko ezinbesteko tresna dela diote, eta adimena lehengaitzat jotzen da informazioaren gizartean. Halaber, edukiak dio krisi egoera batean gizarte irakurle bat gai dela berrikuntzako sektoreetan kalitate oneko lana sortzeko.

Helburu estrategikoak

Plana 23 proiekturen arabera egituratu da; proiektu horiek, praktikaren alorretik, lau helburu nagusiri erantzun nahi diete: XXI. menderako euskal herritarren irakurketa eta idazketa gaitasuna hobetzea; irakurketa indizeak hobetzea; irakurketara heltzeko aukerak hobetzea, eta irakurketa gizartearen hezkuntza eta kultura lehentasunen artean kokatzea.

Planaren aurkezpenean azpimarratu denez, Euskal Autonomia Erkidegoak datu onak ditu irakurketa ohiturei dagokienez. Madrilen ostean, bigarren erkidegoa da, eta irakurketa indizeari dagokionez Europar Batasuneko batez bestekotik gora dago. Gainera, oso liburutegi-azpiegitura ona du eta oso eragile aktiboekin, bai liburutegien alorrean, bai hezkuntzaren alorrean.