Hemeroteka

2025-04-09

Irakasleentzako lantegiak hasi dira

Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak egitasmoa martxan jarri dugu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker. Zortzigarren urtea izango da aurten eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 72 eskolei aholkularitza-zerbitzua eskainiko diegu. Abanto-Zierbenako Etorkizuna ikastolan haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako irakasleek jasoko dute gaur saioa. Araban apirilaren 14an hasiko gara Gasteizko Los Herran ikastetxeko DBHko irakasleekin eta San Martin eskolako haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako irakasleekin. Gipuzkoan maiatzaren 7an Amasa-Villabonako Erniobea BHI ikastetxean eskainiko dugu lehen saioa.

Proiektu honen helburua EAEko haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, eta horretarako irakasleak trebatzea irakurketaren bitartekari eraginkor izan daitezen. 2025. urtean zehar egingo ditugun 72 saioetan Galtzagorri elkarteko hiru profesional arituko dira gehienez ere bi orduz iraungo duten saio hauek eskaintzen: Mireia Delgado, Saroa Bikandi eta Mari Garcia.

Galtzagorriko aholkulariak liburu bete gurdiekin iritsiko dira ikastetxeetara eta liburu bakoitza lantzeko estrategiak eskainiko dizkiete irakasleei. Oraingoan 42 liburu berri bildu dituzte gurdietan; 16 liburu DBHko irakasleei zuzendutakoak dira eta 26 HHkoei nahiz LHkoei.

Lantegietan aurkezten eta lantzen diren liburuak gida batean jaso ditugu. Urtero liburuak berritu egiten direnez, liburu-gida berria sortu ohi dugu, HH-LHrako gomendatutako izenburuekin bat; DBHko gazteentzat aukeratutakoekin beste bat. Gidak “ZIPRIZTINAK” izenburua darama eta Lorena Martinezek egin du fanzine erako diseinua, maketazioa eta baita ilustrazioak ere. Fanzine horretan iruzkin jostalariak aurkituko ditugu, lantegietan erabiliko diren liburuen eta fikzio digitalen ezaugarriak jasotzearekin batera. 2024an bezala lantegia egingo duen irakasle bakoitzari bana emango zaio.

Saio guztiak irakasleei zuzendutakoak dira eta bertatik bertara egingo ditugu eskoletan. Aholkulariak hara joango dira ikastetxeekin adostutako hitzorduan. Goizean, eguerdian edo arratsaldean egingo dituzte saioak. Tokiko udal liburutegien eta eskolen arteko elkarlana hauspotzeko, irakasleekin batera liburuzainak arituko dira lantegietan. Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak erabat praktikoak dira. Liburu zerrendak aletu eta liburu bakoitza ikasleei erakargarri egiteko estrategiak eskainiko dizkiete Galtzagorriko adituek.