Hemeroteka


Compartir
2010-03-15

Irakasleentzako Jardunaldien II. ekitaldia antolatu du Galtzagorrik aurten

Jardunaldiek bi goiz hartuko dituzte probintzia bakoitzean. Goizeko 9:30etan hasi eta eguerdiko 13:30ak arte honako programa landuko dute Itziar Zubizarretak eta Arantza Baltzategik bertaratzen diren irakasleekin:

 

Lehen saioan:

 - Ahozko tradiziotik idatzizko literaturara.

- Liburutegia dinamizatuz: proposamen bat.

Bigarren saioan:

- Haurrentzako liburuak nola baloratu.

- Irudigileei buruzko esperientzia

 

Helburuak

Jardunaldi hauek bigarren aldiz egiten dira aurten. Bertan lantzen diren edukiekin honako helburuak lortu nahiko lituzke Galtzagorri Elkarteak:

- Ikasleak Irakurketan zaletzeko proposamenak luzatu

- Gelan nahiz liburutegian erabili daitezkeen baliabideak aztertu

- Kalitatezko liburuak nola baloratu

- Ahozkotasuna/ Hizkuntz idatzia

 

Hamar urtetik gora

 Liburuen Altxorra egitasmoa 2000. urtean jarri zen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiari esker Gipuzkoako herri txikietako eskoletan. Beraz, 10 urte dituen egitasmo hau urtero 56 ikastetxe ingurura iristen da. Bertara dinamizatzaile bat joaten delarik liburuz beteriko kutxa batekin. Eskola txikietako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako orain hamar urte sortu zen egitasmo honek eskola hauetako baliabide faltari aurre egin nahi dio.

2008. urtetik aurrera ordea, eta ikusirik zenbait eskolak badituztela baliabide materialak baina hauek erabiltzeko formazioa eta errekurtsoen premia dutela, zenbait eskoletan irakasleentzako aholkularitza sioak eskaintzen hasi zen Galtzagorri. Beraz, 2009-2010. urtean, Gipuzkoan 41 eskola txikik jasoko dute Liburuen Altxorra eta 21ek Liburuen aholkularitza zerbitzua.

Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiak babesten duen Liburu Ibiltariak egitasmoan ere moldaketa bera egin zen 2008. urtean. Eta egun, 24 eskolek jasotzen dute Liburuen kutxa eta 15ek liburuen aholkularitza zerbitzua. Bizkaiko Liburu Ibiltariak egitasmoak Gipuzkoakoak baino urtebete gutxiago du.

 

Aholkularitzan pauso bat gehiago: jardunaldiak

Aholkularitza zerbitzu honen baitan dinamizatzaileek aholkularitza jasoko duten ikastetxeetara bisita bakarra egiten dute ikasturte osoan eta bertan irakasleei liburu batzuk aurkezten dizkiete, bibliografia bat eskaini eta liburuekin lantzeko dinamikak erakutsi eta proposatu. Lan hau egiten du Gipuzkoan Imanol Mercerok eta Mireia Delgadok Bizkaian.

Baina eskola liburutegien dinamizazioan eta irakurzaletasunaren sustapenean sakontzeko iaz lehengo aldiz egitasmo hauetako ikastetxeetako irakasle guztiei jardunaldi hauetan parte hartzeko gonbitea egin zitzaien. Honela, iaz, 12 lagun bildu ziren Eibarren eta 15 lagun Durangon. Helburua beti ere irakasleei irakurzaletasuna sustatzeko baliabideak eskaintzea da. Eta aldi berean, beraien esperientzia ezagutzea. Topaketarako, elkartrukerako aukera polita dira beraz Jardunaldi hauek: leku bakoitzean zer eta nola egiten ari diren ikasi eta egin daitekeenaz hitz egiteko parada eskaintzen dute.