Hemeroteka

2021-02-17

Irakasleei zuzendutako lantegietan izena emateko azken egunak dira

Aurtengoan ere, Galtzagorri Elkarteak Irakurzaletasun sustatzeko lantegiak irakasleentzat egitasmoa martxan jarriko du. Proiektu honen helburua EAEko haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, eta, horretarako irakasleak trebatzea irakurketaren bitartekari eraginkor izan daitezen. Egitasmo honen baitan EAEko 72 eskolei aholkularitza eskainiko diegu 2021. urtean zehar, eta saio hauen erdia DBHko irakasleentzat izatea aurreikusi dugu. Datorren ostiralean, otsailak 19, itxiko dugu egitasmoan izena emateko epea.

DBHko saioetarako oraindik badago lekua. Gogoratu nahi dizuegu saio hauetan azken urtean DBHko gazteentzako argitaratutako komiki, antzerki, eleberri, poesia, hitzik gabeko album eta abar landu ditugula eta haien artean kalitate gehien dutenak aurkeztuko dituzte Galtzagorriko adituek; baita adin horietako gazteentzat erakargarriak diren hemengo nahiz nazioarte mailako fikzio digital esanguratsu batzuk ere.

Izena emateko, esteka honetan sartu, eskatzen zaizkizun datuak bete, aukeratu data aproposa (oharretan, ordua ere jarri, mesedez) eta, ondoren, bidali besterik ez duzu egin behar. 

Saioak, doakoak dira. Galtzagorri Elkarteko bi profesional arituko dira gehienez ere bi orduz iraungo duten saio hauek eskaintzen: Intza Alkain, Gipuzkoan; Saroa Bikandi, Bizkaian eta Araban.

Lehenengo aldiz programa honetan parte hartzen dutenek, honako edukiak landuko dituzte:

-Aholkulariak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan ditugun liburu berri zoragarriak eramango ditu ikastetxera gurditxo batean.

-Liburu guztien gaiak, ildo nagusiak aurkeztuko dira.

-Horiek oinarri hartuta haur eta gazteekin landu daitezkeen dinamiken proposamenak egingo dira.

-Materiala banatuko da: liburu gidak banatuko zaizkio parte hartuko duen ikastetxe bakoitzari.

Bigarren edo hirugarren aldiz parte hartzen dutenek, aldiz, beste hauek:

-Aholkulariak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan ditugun liburu berri zoragarriak eramango ditu ikastetxera gurditxo batean. Liburuen gaiak, ildo nagusiak aurkeztuko dira.

-Liburuak aztertuko dira, irakurtzen ikasteko eta ikasleak irakurle bihurtzeko.

-Tertulia literarioak egiten hasteko oinarria eskuratuko da.

-Liburu gidak banatuko dira.