Hemeroteka


Compartir
2018-12-23

Irakasleak irakurketaren bitartekari eraginkorrak izateko klabeak ematen dabil Galtzagorri EAEko berritzegunetan

Galtzagorri elkarteak 2018. urtean martxan jarri du "Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak” izeneko egitasmoa, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan. Egitasmo honen baitan 70 ikastetxetan lantegi praktikoak gauzatzen ari dira Intza Alkain eta Saroa Bikandi Galtzagorriko kideak. Horietatik 63 eginak dituzte jada.

Eskolaz eskolako lantegi praktikoez gain, hiru lurraldeetako berritzeguneetan irakasleentzako formazio saioak eskaintzen ari dira Alkain eta Bikandi. Irakurzaletzeko orduan, teoriatik praktikara jauzi egiteko dagoen zailtasunari soluzio bat eman nahi zaio saio hauetan. Lehenengo saioa Eibarko Berritzegunean izan zen urrian. Bigarrena, gaur bertan, abenduak 4, gauzatzen ari dira Gasteizko Berritzegunean. Azkena, Barakaldoko Berritzegunean izango da urtarrilaren 15ean.

Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako Lantegiak martxan jarri zirenean iragarri moduan, egitasmoak bi osagai ditu:

Bata, ikastetxez ikastetxe egiten diren lantegi praktikoak. Gurditxo batean Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 40 liburu inguru eramaten dituzte Galtzagorriko kideek ikastetxeetara eta hauen bidez landu ditzaketen estrategiez mintzatzen zaizkie irakasleei, hauek haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak bihurtzeko xedez. HH eta LHrako 25 liburu baliatzen dituzte; beste 15 DBHkoentzat. Horietako asko 2017ko nobedadeak dira, baina badira tartean izenburu klasikoak ere. Baita Galtzagorri elkarteak irakurzaletasuna sustatzeko asmoz azken urteetan argitaratutako Klis-Klasikoak app bildumako app-ak ere.

Bestea,egitasmoaren alderdi praktikoa osatzeko, EAEko berritzeguneetan gauzatzen diren formazio formazio saioak. Horretarako, hiru berritzegune aukeratu dira, probintzia bakoitzeko bana: Eibar, Gasteiz eta Barakaldoko berritzeguneak, hain zuzen. Eskoletan lantegiak bideratzen dituzten profesionalek beraiek eskaintzen dituzte. Baina irakurzaletasunaren inguruan informazioa eta prestakuntza orokorra emateko helburua duten formazio saioak dira.

Urrian egin zuten lehen saioa Eibarko Berritzegunean Alkainek eta Bikandik. Gaur, abenduak 4, Gasteizko Berritzegunean ari dira 25 irakasle baino gehiagori formazioa eskaintzen. Hiru orduz, irakurzaletasuna sustatzeko bitartekari eraginkor izateko hainbat klabe eskaintzen ari zaizkie. Euren eguneroko jardunean martxan jarri ditzaketen praktika zehatzen berri ere azaltzen dizkiete saio hauetan. Azken saioa, Barakaldako Berritzegunean gauzatuko dute urtarrilaren 15ean.

Hausnarketa, esperientzia jakinetatik

Berritzegunetako saio hauen helburua ikasleen eta literaturaren arteko bitartekari diren irakasleen formazioaz hausnartzea da, esperientzia eta praktika jakinetatik abiatuta. Galtzagorri elkarteak 2018an Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan martxan jarritako irakasleak irakurzaletasunean formatzeko programa izango da gogoetarako eta azalpen praktikoetarako testuingurua jarriko duena.

Hortaz, Berritzeguneetan eskaintzen ari diren saioen helburuak zehatzak hauexek dira:

  • Irakasleak irakurzaletasuna bultzatzeko bidea era samur eta gozo batean gauzatzeko baliabideak eskaintzea, irakurzaletasunari buruzko hausnarketa bat eginik.
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako kalitatezko liburuen berri ematea.