Hemeroteka


Compartir
2013-09-22

Irailaren 21ean hasiko da Irakurketa Mintegia

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegia hilaren 21ean jarriko da abian eta izen-emate epea irailaren 16an bukatuko da. Horretarako ezinbestekoa da Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea.

2013-2014 ikasturtean ere, irailetik ekainera bitartean hilean behin egingo dira saioak Donostiako Haur Liburutegian Fermin Calbeton, 25 (Alde zaharra). Saioak 3 ordukoak dira: 10:00etatik 13:00etara. Bertan 2013an 0-12 urte bitarteko haurrentzat euskaraz argitaratu den guztia irakurtzeaz gain, balorazio irizpideak ere jasotzen dituzte parte hartzaileek. Bestalde, 2012az geroztik, saio hauetan gai jakinei buruzko formazioa ere eskaintzen du Galtzagorri Elkarteak.

2013-2014ko formazio saioak

Hiru hilean behin formazio saio monografiko bana eskainiko da:

1. Krisiari aurre egiten bibliotekan. Igor Idoeta, bibliotekaria

2. Album ilustratuak nola erabili. Sara Iglesias, FGSRko langile oia.

3. Euskal ilustrazioaren hastapena. Antton Olariaga, ilustratzailea.

Egutegia

Urtero bezala, Irakurketa Mintegiak hamar saio izango ditu guztira 2013-2014. ikasturtean. 2013ko irailaren 21ean egingo da lehen saioa. Ondorengoak: urriaren 19an, azaroaren 16an, abenduaren 14an, 2014ko urtarrilaren 11n, otsailaren 8an, martxoaren 8an, apirilaren 5ean, maiatzaren 17an eta eikanaren 14an egingo dira.

Ibilbide luzea

Irakurketa Mintegia 2005ean sortu zen eta harrez gero urtero burutu da. Lehen ikasturtetik hona hainbat aldaketa izan ditu mintegi honek, eta urtez urte Galtzagorri Elkarteko bazkideen nahi, jakin-min eta beharretara egokitzen joan da.

Irakurketa Mintegia egitasmo estrategikoa da Galtzagorrirentzat. Izan ere, bertan egindako irakurketa eta liburuen hautaketatik elikatzen baitira gero Galtzagorriko hainbat egitasmo.

Duen garrantziaren jakitun, egitasmo hau indartzen saiatu da Galtzagorri azken urteetan. Horretarako, Itziar Zubizarretaz gain, 2009-2010. ikasturtean Mikel Ayerbe literatura kritikaria aritu zen koordinatzaile lanetan. 2011-2012 ikasturtean hiru gidari izan zituen Mintegiak: Itziar Zubizarreta bera, Jone Arroitajauregi bibliotekaria eta Imanol Mercero literatura kritikari eta dinamizatzailea. 2012-2013 ikasturtean, berriz, Ane Lapizondo eta Imanol Mercero izan ziren saioen gidariak eta hiru formazio saio eskaini zituzten. Ikasturte honetan ere Lapizondok eta Mercerok gidatuko dituzte saioak eta hiru formazio saio egingo dira.

Parte hartu nahi duenak honakoa egin behar du: 

1) Galtzagorrira deitu (943471487) edo gure helbide elektronikora idatzi (administrazioa@galtzagorri.eus) irailaren 16a baino lehen bere partaidetza ziurtatuz. Aurreko urteetan parte hartu dutenek ere berriz eman beharko dute izena. Gehienez, 20 lagunek parte har dezakete.

2) Prestatuko den zerrendako liburuak irakurri eta horiei buruzko fitxa laburra betetzeko konpromisoa hartu.

3) Hilean behineko saioetara etortzeko konpromisoa bete.