Hemeroteka


Compartir
2016-11-13

Ipuin kontalarientzako 4 sormen egonaldi egiteko deialdia antolatu du DSS2016EUk

Europako Kultur Hiriburuaren KontuKontanitz ekimenaren baitan kokatzen da Donostia 2016 Kultur Hiriburuak plazaratu duen deialdia. Proiektu honen xedea da ahozkotasuna baliatuta aniztasun funtzionala agerian jartzea, haren inguruko ezjakintasunak sortzen dituen diskriminazio portaerak pixkanaka baztertzeko. Horretarako aniztasun funtzionala abiapuntu hartuta lau ipuin-kontaketa saio sortu nahi ditu DSS2016EUk.

 

Azaroan egingo diren hiru asteko lau egonaldi horietan garatuko diren proposamenak aurkezteko azken eguna urriaren 12a da.

Deialdian aukeratutako proposamenak hezurmamitzeko, aukeratutako sortzaileek aniztasun funtzionalaren errealitatean murgildu beharko dute hiru astez, eta esperientzia horretan oinarrituta borobildu beharko dute proposatutako ikuskizuna. Ondoren, ikuskizuna abenduko hirugarren astean taularatuko dute.

 

Deialdiaren baldintzak

Deialdia bereziki honakoei bideratua dago: ipuinlariak, gidoilariak, aktoreak, idazleak... Proposamen bakoitzeko pertsona bakarrak edo gehienez bi pertsonako taldeak hartu ahalko du parte.

Aurkeztutako proposamenek honako baldintzak bete beharko dituzte:

-Aniztasun funtzionala modu esplizituan zein inplizituan jorratzea.

-Ahozkotasunean oinarrituta egotea. Bestelako diziplina artistikoak ere erabili ahalko dira osagarri moduan.

-Formatu txikia, oinarrizko premia teknikoak eta atrezzo gutxi.

-Xede-publikoa izan behar du: 7-10 urte bitarteko haurrei zuzendua

-Hizkuntza: euskara, gaztelania, frantsesa zein ingelesa.

-Iraupena 15-30 minutu bitarte

 

DSS2016EUk 5.000 €ko diru-laguntza emango die aukeratuei beraien proposamena garatzeko eta emanaldi-astean taularatzeko. Egonaldietako ostatuak, dietak eta joan-etorriak ere pagatuko dizkiete. Proposamen bakoitza, gehienez, bi pertsonek gauzatu dezakete.

 

Aniztasun funtzionala

Pertsona batzuen ezaugarriak eta funtzionamendua gizartearen gehiengoarenak ezbezalakoak dira, eta berezitasun horiek ez dira kontuan hartu gizartea eta ingurua eraikitzeko prozesuan. Pertsona horiek, baina, gainontzekoen zeregin berberak bête behar dituzte. Eta hala egiten dute, baina beste modu batean, zenbait kasutan beste pertsona batzuen bitartez.

Ideia hori abiapuntu hartuta,Bizi Independentearen Foroaren (FVI) baitako desgaitasuna duten pertsonen komunitateak aniztasun funtzionala kontzeptua sortu zuen “desgaitasun” hitza ordezkatzeko.

Termino horren erabilerak aldarrikatzen du gehiengoarenak ez bezalako ezaugarriak dituzten pertsonak ere gizartean eskubide osoko kide direla.

 

Egonaldia

Hiru astez, aniztasun funtzionala duten pertsonen edo Kolektiboen egunerokotasunean murgildu eta haien errealitatea bertatik bertara ezagutzearekin batera, errealitate horiek modu esplizitu zein inplizituan agerian uzten duten ipuin-kontaketa saio bana sortuko dute aukeratutako hautagaiek.

Sortzaile bakoitzaren esku egongo da murgiltze-lan horretan laguntzaile dituen eragileen parte-hartzea zenbaterainokoa izango den lanaren azken emaitzan. Eta egonaldiak, oro har, Donostian izango dira.

 

Kontaketa fasea: KontuKontanitz astea

Abendu erdialdera, egonaldietan kontalariek sortutako ikuskizunak taularatu egingo dira Donostiako eta Donostialdeko ikastetxe, kultur etxe, liburutegi eta bestelako aretoetan. Ikuskizun bakoitza egunean bizpahiru tokitan antzeztuko delarik.

Deialdiaren oinarri zehatzak hemen: http://dss2016.eu/images/Diru-laguntza/Kontukontanitz/KontuKontanitz_DEIALDIA_EU.pdf Informazio zabalagoa eta argibideak helbide honetan eska ditzakezue: kontukontanitz@dss2016.eu