Hemeroteka


Compartir
2013-11-19

Iñaki Mendiguren, Sarah J. Turtle eta Elena Odriozolarentzat Euskadi Sari bana

Tom Sawyer-en abenturak (Alberdania-Erein-Igela, 2012) liburuarekin eskuratu dute Iñaki Mendigurenek eta Sarah J. Turtlek 2013ko Euskadi Saria itzulpengintza alorrean, eta Tropecista (Barbara Fiore, 2012) liburuko lanagatik saritu dute Elena Odriozola ilustratzailea ere Euskadi Sariarekin. Ilustrazioa saritzen hasi zirenetik (2009) bigarren aldiz jasoko du Odriozolak Euskadi Saria. Lehenengoa 2009an bertan jaso zuen, Aplastamiento de las gotas lanarekin. Mendigurenentzat ere bigarren Euskadi Saria da, 2002an irabazi baitzuen lehenengoa Harry Potter eta sekretuen ganbera (2001) obrarekin.

Gaur jakitera eman dituzten beste sariak: Euskadi Literatura Saria Ramon Saizarbitoriarentzat izan da Martutene elberriagatik, eta gaztelaniazko literatura sailean Ramiro Pinillarentzat Euskadi Saria Aquella edad inolvidable eleberriagatik.

Klasiko unibertsala

Tom Sawyer-en abenturak, Mark Twainen The adventures of Tom Sawyer klasiko unibertsala, Galtzagorri Elkarteak sortutako Klis-klasikoak bildumaren baitan argitaratu zen iaz. Ingelesezko bertsio original eta osotik ekarria da euskarara, gazte (12-16 urtekoentzat) zein helduen gozamenerako. Bilduma honen helburua haur eta gazteek autore klasiko unibertsalak nahiz euskal autore ezinbestekoak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten bermatzea da. Haur eta Gazte Literaturako obra kanonikoak euren eskura euskaraz jartzea.

Karlos del Olmo epaimahaiburu zela, Isabel Etxeberria, Joxe Austin Arrieta, Bakartxo Arrizabalaga eta Xabier Mendigurenek hautatu dute Tom Sawyer-en abenturak liburua.

Epaimahaiaren ustez, "kalitatezko itzulpen bat da, XIX. mendeko klasiko estatubatuar bat XXI. gaurko irakurle gazteek nahiz nagusiek gustura irakurtzeko moduan ekarri dute, jatorrizko lanaren zailtasun guztien gainetik eta gaurko euskararen legeen azpitik. Jatorrizkoan agertzen diren aipuak euskaraz ematean, itzultzaileek euskal tradizio itzuliaren ekarria ere jaso dute, eta gaurko irakurlearentzat eginda dagoenez gero, arrotz gerta daitezkeen kultur elementuen berri eman dute oharren bitartez, irakurraldi erosoagoa lortzearren. Euskal itzulpengintzak gaur egun lortu duen mailaren adibide egoki-egokia da liburua".

Bestalde, Sara Morante epaimahaiburu zuela, Nuria Hernández, Jose Javier Quintana, Begoña Medel eta Iker Ayestaranek osatutako epaimahaiak erabaki du aurtengo Euskadi Saria (ilustrazioari dagokionez) Elena Odriozolari ematea Tropecista lanagatik.

Epaimahaiaren iritziz, "elkarren gainean ezarritako paper moztuen teknikari esker, argi-itzal sotilez betetako istorio bat kontatzen du Elena Odriozolak, baina aldi berean, kontakizun intimista eta pertsonal honetan barneratzen uzten diguten kolore ere badira argi-itzalok. Malabarismoz eta estropezuz eraikitako istorioari beharrezko hauskortasuna ematen dioten narratiba original eta dinamiko baten ikusle bihurtzen da irakurlea".

Klis-klasikoetako liburuak finalisten artean

Aipatzekoa da, bestalde, ilustrazioaren alorrean, Galtzagorri Elkarteak Klis-klasikoak bildumaren baita argitaratutako beste bi lan ere finalisten artean geratu direla: Maite Gurrutxagak ilustratutako Amattoren uzta (laugarren) eta Guillermo Gonzalezek ilustratutako Tom Sawyer-en abenturak (bosgarren).

Honenbestez, 2013ko Euskadi Sari guztien berri jakinda, Galtzagorri Elkarteak pozik hartu du bere zenbait liburu eta elkarteko zenbait bazkide sarituen eta finalisten artean daudelako. Hona elkarteko sarituak: Xabier Olasok (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura), Iñaki Mendiguren eta Sarah J. Turtle-k (Euskarazko Itzulpena) eta Elena Odriozola (Ilustrazioa).

Aurten, gainera, Galtzagorri Elkarteak, Alberdania-Erein-Igela argitaletxeekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin argitaratutako Tom Sawyer-en abenturak liburua saritu dute Euskadi Sarietan eta Amattoren uzta ere finalisten artean izan da.

Zorionik beroena guztiei elkartearen izenean!

 

 

 

Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak sortutako Ilustratzaileen Txokoan izan ziren ikusgai Elena Odriozolaren lanak iragan ekainetik irailera. Hemen duzue ikusgai txoko horri buruzko bideoa:

Elena Odriozolaren lanaz gozatzeko aukera eskaintzen du bideo honek.

ORAIN: 48 ELENA ODRIOZOLA from debolex films on Vimeo.